Denon Eskolak eta BIGEk eskola-cateringaren plegu berriak kritikatzen ditugu “eredu industrializatua eta parte-hartzerik gabea” mantentzen dutelako
2026-05-26
Denon Eskola eta BIGE guraso federazioek kritikatu egiten ditugu Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 2026-2029 aldirako argitaratutako eskola-catering zerbitzuaren plegu berriak.
Espedientea aztertu ondoren, bi erakundeek uste dugu kontratu berriak bere horretan mantentzen duela kalitate, gardentasun eta parte-hartze arazoak dituen eredu zentralizatua. Hauek dira pleguaren inguruko kritika nagusiak.
- Egungo eredua ebaluatu gabe
Federazioek salatu dute Hezkuntza Sailak ez duela azken hiru urteetako sistemaren ebaluazio publikorik egin, familien eta hezkuntza komunitatearen kritikak gorabehera. - Legebiltzarreko akordioak bete gabe
Gogorarazi dute plegu berriak ez duela kontuan hartzen 2019an Eusko Legebiltzarrak aho batez onartutako akordioa, zeinak jantoki deszentralizatuagoak, sukalde propioak eta komunitatearen parte-hartze handiagoa proposatzen baitzituen. - Aurrekontu eskasak
DENON ESKOLAren eta BIGEren arabera, menuaren prezioaren igoera ez da nahikoa 2021etik hona elikagaien eta erregaien kostuek izan duten igoerari aurre egiteko. Horrek menuen kalitatean eta lan baldintzetan eragina izan dezakeela ohartarazi dute. - Memoria ekonomikorik eta prezioen berrikuspenik ez
Federazioek kritikatu dute pleguak ez duela memoria ekonomiko zehatzik jasotzen, ezta hiru urteko kontratu baterako prezioak eguneratzeko mekanismorik ere. - Jantokiaren hezkuntza-funtzioa ahaztuta
Elkarteek salatu dute pleguek ia ez dutela garatzen begiraleen hezkuntza eta zaintza lana, eta ez dutela proiektu pedagogikorik edo ikastetxeekin koordinatzeko mekanismo argirik eskatzen. - Enpresa handientzako abantailak
Federazioen ustez, loteen diseinuak eta baldintza teknikoek catering enpresa handiei egiten diete mesede, eta zaildu egiten dute tokiko edo tamaina txikiagoko ereduen parte-hartzea. - Familien parte-hartzerik eza
Halaber, salatu dute familiek —jantoki kuoten bidez zerbitzuaren kostuaren %58 inguru ordaintzen dutenek— ez dutela kontratuaren kontrol eta jarraipenean parte hartzeko aukerarik.
Denon Eskolak eta BIGEk Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu familien, ikastetxeen eta tokiko administrazioen arteko parte-hartze prozesu bat irekitzea, eskola-jantoki osasuntsuago, jasangarriago, hurbilago eta hezitzaileago baten alde egiteko.
Deskargatu prentsa oharra.
