BIGEk Bilboko alkatearen esku-hartzea exijitzen du garbiketa-gatazka desblokeatzeko
2026-10-21
Aurreko ikasturtean hasitako garbiketa-grebak indarrean jarraitzen du. Dagoeneko hilabete darama grebak, eta Bilboko eskoletako eta haurreskoletako egoerak jasanezina izaten jarraitzen du. Garbitasun faltak hezkuntza-jarduerari eta haurren osasunari eta ongizateari eragiten die.
Uda baino lehen, BIGEtik premiazko konponbidea eskatu genuen, baita erakundeen inplikazioa ere, akordioa errazteko. Gatazkak bere horretan jarraitzen duenez, orain zuzenean Bilboko alkatearen esku-hartzea eskatu dugu, aldeen arteko negoziazio eraginkorra bultza dezan.
Greba-eskubidea eta langileen aldarrikapenak errespetatuz, Udalari egoera desblokeatzeko neurriak har ditzala eskatzen diogu. Era berean, gatazka konpontzeko eta garbiketa-zerbitzua berreskuratzeko bide gisa, aldeen artean arbitrajera jotzea susta dezala eskatu dugu.

Egoera bereziki kezkagarria da haurreskoletan, haurren adin txikiagatik eta dituzten zaintza-beharrengatik. Familiek ezin dugu onartu akordiorik ezak haurrek egunero erabiltzen dituzten espazioetako higiene-baldintzetan eragiten jarraitzea.
Familiei deia: non aurkeztu kexak
BIGEtik familiak animatzen ditugu Bilboko Udalari idaztera, beren kezka helarazteko eta konponbidea bilatzeko berehala inplika dadila eskatzeko. Bide hauek erabil ditzakezue:
- «Zure Udalak aditzen dizuv»: kexak eta eskaerak bidaltzeko udal-inprimakia. Kanal honen bidez egoeraren berri eman diezaiokezue Udalari, baina ez du sarrera-erregistro ofizialik sortzen.
- Udalaren Erregistro Orokorra: idazki formal bat elektronikoki edo aurrez aurre aurkezteko aukera ematen du, aurkezpenaren jasota geratzea bermatuz.
Idazkietan, zein ikastetxeri eragiten dion adierazi, garbitasun faltaren ondorioak azaldu eta alkatearen esku-hartzea eska dezakezue, gatazkarekin amaituko duen akordioa lortzeko negoziazioa bultza dezan.
Haurren osasunak eta ongizateak lehentasuna izan behar dute. Familiek erantzun bat eta jarduketa zehatzak behar ditugu, eskoletan eta haurreskoletan baldintza egokiak berreskuratzeko.
