Bero-boladak eskola publikoan inbertsio falta agerian uzten duela salatu du BIGEk

2026-05-26

Azken egunotan Bizkaian izandako tenperatura altuek agerian utzi dute, berriro ere, hezkuntza-komunitate askok urteak salatzen daramatzaten errealitate bat: ikastetxe publiko asko ez daude prestatuta muturreko beroaren aurrean baldintza egokiak bermatzeko.

Tenperatura gomendatuak nabarmen gainditzen dituzten ikasgelak, patio eta leihoetan itzalik ez izatea, pertsianarik edo aireztapen-sistemarik ez izatea eguneroko kontua dira eskola eta institutu askotan. Egoera ikasleen ongizateari zein eskola-jardueraren garapen normalari eragiten ari da.

Hainbat ikastetxetan, ikasleen artean ondoez fisikoa izan da, eta ikasgeletako baldintza termikoen aurrean aparteko neurriak hartu behar izan dira. Hainbat udalerritako hezkuntza-komunitateak aspalditik ari dira ohartarazten eskola-azpiegiturak ez daudela egokituta egungo klima-errealitatera.

Egunotan Bilboko Pagasarribide eta Luis Briñas Santutxu zentro publikoek plazaratutako egoerak askoz ere problematika zabalagoa islatzen du. Bertako hezkuntza komunitateek salatu dutenez, 32 gradu baino gehiagoko tenperaturak izan dira gela batzuetan, eta beroarekin lotutako hainbat osasun artatze kasu izan dira.

Baina kasu konkretuetatik haratago, egoerak egiturazko arazo bat jartzen du mahai gainean: hezkuntza sare publikoan dagoen inbertsio falta. Instalazio eza, olanik eta patio estalirik ez izatea, isolamendua hobetzea, leihoak berritzea, aireztapen egokia edo eraikinen klima-egokitzapena…, hau da, aspaldiko aldarrikapenak gauzatu gabe jarraitzen dute edota atzerapenak dituzte.

Bero-boladak ez dira jada ezohiko gertakariak. Gero eta errealitate ohikoagoa dira, eta administrazio publikoek beren gain hartu behar dute ikastetxeak egokitzeko ardura, ikasle eta profesionalentzako espazio seguru, osasungarri eta duinak bermatzeko.

BIGEtik eskola publikoaren azpiegiturak hobetzearen aldeko apustu irmoa eskatzen dugu, eta tenperatura altuei aurre egiteko neurriak berehala martxan jartzea, ikasleen osasuna eta ikasteko baldintzak arriskuan jarri gabe.

Deskargatu prentsa-oharra.