Basauriko eskola publikoko IGEek kalitate handiagoko jantoki baten alde lanean dihardute
2026-04-09
Joan den martxoaren 4an, Basauriko eskola publikoetako guraso-elkarteen ordezkariek bilera ireki bat deitu zuten beren ikastetxeetako familientzat, eskola-jantokien egoera aztertzeko.
Topaketaren helburua zen, alde batetik, aditzera ematea bost urte baino gehiago daramatzatela lanean jantoki-zerbitzuan hobekuntzak lortzeko, eta orain arte ez dela aurrerapen esanguratsurik egin. «Hobera egin beharrean, egoerak okerrera egin du», adierazi zuten. Bestalde, beren lanarekin jarraitzeko babesa lortu nahi zuten, baita familien kexak eta ekarpenak jaso ere.
Saioan zehar, IGEek 2021etik aurrera egindako ekintzen errepasoa egin zuten, besteak beste: komunikatuen zabalkundea, Eurest catering enpresarekin izandako bilerak – emaitza eskasekotzat joak-, Udalarekin egindako topaketak, udal osoko bilkuretara joatea, Eusko Jaurlaritzarekin egindako hainbat bilera eta jantoki-batzordeetan egindako etengabeko lana.
Gaur egun, familiak Eusko Jaurlaritzarekin bi bilera egiteko zain daude: bata Bizkaiko ordezkariarekin sukalde bertikalen proiektuari ekiteko, eta bestea Lakuako Administrazio eta Hezkuntza Zerbitzuen sailburuordearekin. Bilera horietan kontratazio-agiriak hobetzeko proposamenak helarazi nahi dituzte. Bi bilerak urtarrilean egitekoak ziren, baina oraindik ez dituzte deitu.
Halaber, proiektu honetan nola parte hartu azaldu zen, IGEen, Eskolako kontseiluen eta jantoki-batzordeen funtzionamendua argituz, eta familien ahalik eta babes handiena lortzeko beharra azpimarratuz, bide desberdinen bidez.
Aztertutako alderdirik kritikoenetako bat menuen kalitatea izan zen. Salatu zutenez, ez dira produktu freskoak erabiltzen, eta kontserbak zein ultrizoztuak nagusitzen dira, aniztasun gutxirekin. Era berean, ohikoa dela elikagai prozesatu eta ultraprozesatuak erabiltzea adierazi zuten, etxeko elaboraziorik ez egotea – adibidez, saltsak edo saldak – eta plateren errepikapena, eta horrek «menu monotono eta gutxi elikagarriak» sortzen dituela.
Horrez gain, zerbitzuan hainbat gorabehera aipatu zituzten: babes-menuen falta, elaborazioetan akatsak, razioi eskasak, elikagai batzuen kalitate arazoak eta janaria banatzeko atzerapenak, azken egoeran eragina dutenak. Halaber, langileen bajak ez estaltzea eta ikasle kopuru handiegia monitore bakoitzeko salatu zituzten. Gainera, kasu askotan, jantokietako arduradunek behar adinako prestakuntza eta denbora ez dituztela adierazi zuten, beren lana behar bezala egiteko.
Familiek zerbitzuaren enpresa adjudikaziodunarekin duten desadostasuna agertu zuten, eta hobekuntzak eskatzeko mobilizatzen jarraitzeko asmoa adierazi zuten. Aurreikusitako ekintzen artean daude sinadura-bilketak, erreklamazio formalak, idatzi ofizialak eta balizko kontzentrazioak.
Lehen antolaketa-urrats gisa, WhatsAppeko komunitate bat sortu da familiak koordinatzeko eta etorkizuneko ekimenak planifikatzeko. Helburua, azpimarratu dutenez, gaur egungo eskola-jantokien eredua aldatzea da, zeinaren «eraginkortasun eza agerian geratu den».
