BIGEk Bilboko eskoletako garbiketa-grebarako premiazko irtenbidea eskatu du

2026-06-12

BIGEk, Bizkaiko Eskola Publikoko Guraso Elkarteen Federazioak, bere kezka eta alarma sakona adierazi nahi ditu garbiketa-zerbitzuaren grebak Bilboko eskola publiko eta haurreskola askotan eragiten ari den egoeraren ondorioengatik.

Gure ustez egoerak jasanezina den puntu batera iritsi dela, eta premiazko konponbidea eskatzen duela.

Garbiketa zerbitzuaren grebak zuzenean eragiten die ikasleek, irakasleek eta hezkuntza komunitateko gainerako kideek eguneroko jarduera garatzen duten osasun  baldintzei. Eskolek eta haurreskolek une oro izan behar dituzte higiene-baldintza egokiak, bertan bizi eta jarduten duten pertsona guztien ongizatea eta segurtasuna bermatzeko.

Eskumena duten erakundeei eskatzen diegu bitartekaritza- eta esku-hartze lanak indartu ditzatela, aldeak hurbiltzea errazteko eta gatazkari irtenbide azkar eta egokia ematen laguntzeko.

Uste dugu, Bilboko Udalak zein Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ezin dute egoera honetatik kanpo geratu.

Bilboko Udalaren kasuan, eskola publikoetako eta haurreskoletako garbiketa-zerbitzuaren kontratuaren arduraduna den administrazioa izanik, ikastetxeei berme egokiak eskainiko dizkien garbiketa-zerbitzu baten kontratazioa eta prestazioa bermatu behar ditu, eta haren funtzionamendu egokia zaindu, bereziki egoerak zuzenean eragiten dionean ikastetxeen osasungarritasunari.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren kasuan, ulertzen dugu modu aktibo eta zuzenean inplikatu behar dela, egoerak hezkuntza-jardueran duen eragina dela eta. Sailari dagokio lehentasunez hezkuntzarako eskubidea eta ikasleen ongizatea bermatzea; horregatik, ezin da egoera honetatik kanpo geratu, ezta bere erantzukizuna saihestu ere. Beharrezkoa da neurri egokiak har ditzala, elkarrizketa susta dezala eta irtenbide eraginkor eta premiazko baten bilaketan lagun dezala.

Zentzu horretan, uste dugu bi erakundeek badituztela mekanismoak, tresnak eta jarduteko bideak, aldeen arteko ulermena errazteko eta akordioak lortzea sustatzeko.

Era berean, garbiketa-zerbitzuaren ardura duen enpresari dei egiten diogu jarrera proaktiboa har dezan, gatazka honi ahalik eta eperik laburrenean amaiera emango dion akordioa lortzeko.

Ikasleen eta hezkuntza-komunitate osoaren ongizatea lehentasuna izan behar da; horregatik, ezinbestekoa da arduraz eta behar den bizkortasunez jardutea egoera honi amaiera emateko eta normaltasuna lehenbailehen berrezartzeko.

BIGEk familiek adierazitako kezka helarazten jarraituko du, eta ikasleek ikasteko baldintza egokietan dauden eskola eta haurreskola seguru eta osasungarriak izateko duten eskubidea defendatzen jarraituko du.