Patio inklusiboak: obrak finantzatzeko laguntzen deialdia

2023-02-24

Udalen jabetzakoak diren Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoen eraikinetan patio inklusiboak sortzeko eta zaharberritzeko lanak finantzatzeko Agindua onartu du Hezkuntza Sailak. Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute hezkuntza-administrazioaren mendeko ikastetxeen titular diren Euskal Autonomia Erkidegoko udalek. Dirulaguntza eskatzeko epea martxoaren 21ean bukatuko da.

 

Laguntzaren helburua patio inklusiboak sortzea izango da, berdintasunean eta aniztasunarekiko errespetuan oinarritutako kalitateko harremanak eta esperientziak eraikitzeko eta ikasteko. Patio inklusiboa kontzeptuak honi egiten dio erreferentzia: jolas-garaian, jolasteko espazioak eta uneak sortzeari, eta, modu horretan, ikastetxeko neska-mutil guztiek beren intereseko jolas-jarduerak egin ahal izateari, inklusioaren eta hezkidetzaren ikuspegitik.

 

Obrak 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera hasi behar dira, eta 2023ko abenduaren 31 baino lehen amaitu. Obra horiek gauzatzeko, Hezkuntza Sailaren dirulaguntzak Balorazio Batzordeak onartutako aurrekontuaren % 90 hartuko du bere gain. Gainerako % 10 obra-proiektua aurkezten duen udalaren kontu izango da. Horretaz gain, eskaera bakoitzari emandako kopurua ezin izango da 87.120 eurotik gorakoa izan, BEZ barne (72.000 euro + BEZ).

 

Eskolako jolastokiak eraldatzeko aukera

Jolastoki inklusiboago bat lortzeko lanean ari bazarete, edo zuen eskolako patioa aldatzea pentsatu baduzue, partekatu informazioa zuen ikastetxeko zuzendaritzarekin, eta elkarrekin jo dezakezue zuen herriko udaletxera, zuen proiektuaren berri emateko eta Eusko Jaurlaritzak udalen eskura jartzen dituen laguntzak eskatzeko. Hona hemen patioak eraldatzeko ideia batzuk:

–        Espazio naturalizatuagoak, berdeagoak, itzaltsuagoak eta naturarekin kontaktuan daudenak.

–        Jolas eta sormen jarduera ugari eta jolas libre eta partekaturako erronkak dituzten espazioak, ikasle guztien parte-hartzea ahalbidetuko dutenak.

–        Berdintasunean oinarritutako harremanak sustatzen dituzten espazioak.

–        Jolasteko aukerak eta jarduerak dibertsifikatzea, gatazkak modu positiboan kudeatzeko, haurren erantzunkidetasuna zaintzeko eta jolasa dibertsifikatzeko.

–        Eskola denboraren barruan eta kanpoan komunitatea egiteko askotariko jolas-erabilerak bultzatzen dituzten komunitate-espazioak, auzo hezitzaileetako ekipamendu ireki gisa.

Joan den ikasturtean, hainbat udalek erabili zituzten laguntza hauek beren ikastetxeetako jolastokiak eraldatzeko: Berriatua, Derio, Dima, Elorrio, Erandio, Leioa, Urduña, Ortuella eta Zaratamoko udalek, besteak beste.