Eskola Bideak eta patioen eraldaketarako dirulaguntza eskatzeko epea zabalik
2026-08-31
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak 2026-2027 ikasturtean jarduera fisikoa sustatzeko eta sedentarismoa murrizteko proiektuak garatu nahi dituzten guraso-elkarteei eta irakaskuntza-kooperatibei zuzendutako laguntzak eskatzeko epea ireki du.
Deialdiak honako ekimen hauek finantzatzen ditu:
- Ikasleen joan-etorri aktiboak, seguruak eta autonomoak sustatzeko eskola-bideak sortu eta dinamizatzea.
- Patioak eraldatzeko proiektuak, jolasa, mugimendua, bizikidetza eta berdintasuna sustatuko dituzten espazio inklusiboak sortzeko.
- Eskola-ordutegitik kanpo familian jarduera fisikoa sustatzeko jarduerak antolatzea, hala nola mendi-irteerak, bizikleta-ibilaldiak, paseoak edo familian egiteko jolasak.
Laguntzak Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko ikastetxeetako guraso-elkarteei eta irakaskuntza-kooperatibei zuzenduta daude.
Proiektu bakoitzak 5.000 euro arteko dirulaguntza jaso ahal izango du. Deialdiak aurreikusten du zenbateko hori handitu ahal izatea, laguntzak esleitu ondoren aurrekontuan krediturik soberan geratuko balitz, nahiz eta hori ez den ohikoa izaten.
Eskaerak aurkezteko epea 2026ko irailaren 28ra arte egongo da zabalik. Izapide guztiak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren bidez egin beharko dira.
