Luis Briñas Santutxuk Amara Berri metodologia ezarri du

2020-10-05

Luis Briñas Santuntxuk Amara Berri metodologia ezarri du

 

Luis Briñas Santutxu eskolak etapa berri bat hasiko du ikasturte honetan; izan ere, Amara Berri eskolen sarearen parte bihurtu dira. Eraldaketa prozesu hori progresiboa izango da, eta Haur Hezkuntzatik hasiko da.

Luis Briñas Santutxuko IGEak sorpresaz hartu du aldaketa metodologiko hori. “Amara Berri proiektua aurkeztu ziguten unean izugarrizko sorpresa hartu genuen, guraso-elkarteko zenbait pertsonak ezagutzen genuen metodologia eta asko gustatzen zitzaigun”.

Horrela, Luis Briñas Amara Berri ezarriko duen Bilboko lehen eskola publikoa izango da. “ilusio handia egiten digu, auzoko hezkuntza eskaintza publikoarentzako eta auzoko familientzako bultzada izango da”.

Amara Berri gaitasunak garatzeko jolasa eta eguneroko egoerak erabiltzen dituen hezkuntza-sistema da. Sistema horrek eguneroko bizitzaren simulazioan oinarritzen du ikaskuntza, non ikasgai guztiak erlazionatzen baitira ikasleentzat hurbilagoak eta esanguratsuagoak diren zeregin-multzo baten inguruan. Jarduera horietako batzuk irratia, antzerkia, prentsa, hitzaldiak, txotxongiloak eta auzoa dira.

Sistema eskolako lana gidatzen duten zazpi printzipiotan oinarritzen da: indibidualizazioa, sozializazioa, jarduera mentala, sormena, askatasuna, globalizazioa eta normalizazioa.

Gainera, guraso-elkartea haurren jolastokia eraldatzen laguntzen saiatuko da. “Leku atsegin bat egin nahi dugu, auzoa inguratzen duen hormigoiaren barruko ingurune berde batekin, haurrek jolasaren bidez jarduera fisikoari bide eman diezaioten. Oso harro gaude lan egiteko moduaz, irakasle guztien inplikazio handiaz, eta, jakina, ekarpen eta parte-hartze aktiboa egiteaz, oso harro gaude Euskal Eskola Publikoaz!”.