“Eguerdietan olgetan” Gernikako Allende Salazar eskolan

2021-04-30

Eguerdiko denboragatik kezkatuta, Gernikako Allende Salazar eskolako gurasoen elkarteak, eskolarekin elkarlanean, neska-mutilei kalitatezko zaintza eta aisialdi uneak eskaintzeko proiektu bat jarri du abian.

Eguerdiko tartea oso une mugatua da, COVID19 eta “burbuila” famatuen etorrerarekin espazio aspergarria bilakatu dena, baliabiderik gabea, baita gatazkatsua ere kasu batzuetan.

Allende Salazar eskolako guraso elkarteak, une oro aditu talde batek gidatuta, eguerdiko espazio seguru, dibertigarri eta, jakina, hezitzailea sortzeko dinamikak, jolasak eta materialak sortu ditu. Proiektua gauzatzeko, errealitatearen analisia egin da, eta beharrezkoak diren segurtasun-neurri guztiak hartu dira kontuan.

“Martxan ditugu burbuila talde bakoitzarentzako kutxak eta joko katalogo bat. Kutxak eguneratzen eta dinamika berriak txertatzen joango gara. Jolasa funtsezkoa da gure haurren osasunerako, eta denbora hori kalitatezkoa eta hezigarria izatea nahi dugu”, adierazi dute elkartetik.

Jantokiko begiraleen laguntza dute, proiektuarekin laguntzeko.

Proiektua gehiago ezagutu nahi baduzue euren webgunean edo Facebookeko orrian aurkituko duzue informazio guztia.