Atxuriko eskola: eskola-ingurune seguruaren alde
2023-02-22
Atxuriko eskolak aspalditik eskatzen ditu eskola-ingurunea atseginagoa egiteko neurriak, haurrak eskolara lasai irits daitezen, eta ikasgelan edo patioan daudenean ez ditzaten jasan beren eskolaren aurrean trafikoak eta tranbiaren eta autobusen etengabeko zirkulazioak sortzen dituzten kutsadura tasak eta zarata estresagarriak.
Otsailaren 16an, ostegunean, 16:30etan elkartu ziren eskolaren aurrean, beren aldarrikapenak entzunarazteko.
Gurasoen Elkarteak txosten bat prestatu du hobekuntza-proposamenekin, eta dagoeneko bidali zaie Bilboko Udalari, Hezkuntza Sailari, alderdi politikoei eta beste gizarte eragile batzuei.
Kutsaduraren zein beroaren aurkako hesi natural diren zuhaitzak landatzea eskatzen da, espaloia zabaltzea (errepideko karriletako bat kenduz) kutsadurari eta segurtasunik ezari aurre egiteko, autobusen ibilbidea aldatzea, abiadura murriztea eta, hitz batean, espazio seguruagoak, osasungarriagoak eta ludikoagoak aldarrikatzen dituzte.
Atxuriko eskolako gurasoek diotenez, “Bilbo bezalako hiri bat Haurren Lagun Hirien Sareari atxikita badago, koherentea izan beharko zen eta eskola-inguruneei lehentasuna eman beharko zitzaien esku hartzeko orduan, haurren eta familien ongizatea bermatzeko”. Bestalde, mobilizazioekin eta ekintzekin jarraituko dute ingurune seguruagoak eta osasungarriagoak lortzeko.