Berango-Merana IGEak sukaldaritza propioa aldarrikatu du eskolan elikadura iraunkorrari eskainitako aste batekin
2026-10-20
Berango Merana Eskolako familiek urte asko daramatzate eskolan bertan sukaldea ezartzeko lanean. Hezkuntza Sailak behin baino gehiagotan onartu duen proiektua da, baina hainbat arrazoirengatik gauzatu ez dena. Azken aldia 2021ean izan zen, sukaldaritza-proiektua IPI aurreproiektuak baldintzatu zuenean.
Elikaduraren Munduko Eguna dela eta, Berango-Meranako IGEak Elikadura Iraunkorraren Astea antolatuko du. Ekimen horren helburua, aldarrikapen horri jarraipena ematea izan da eta esklan sukaldea izatearen garrantzia azpimarratzea, eskola-elikadura osasungarri, iraunkor eta kalitatezkoa lortzeko lehen urrats gisa.
IGEak argi dauka, “eskola-jantokia ez da zerbitzu hutsa, hezkuntza-espazio osasungarri, hurbil eta komunitarioa baizik. Elikadura eredu baten aldeko apustua egiten dugu, eskola eta bere ingurunea lotuko dituena, haurrak elikagaien jatorrira hurbilduko dituena eta haurtzarotik ohitura osasungarri eta iraunkorrak sustatuko dituena”.
Horregatik, astean zehar familiek eta hezkuntza-komunitateak parte hartzeko jarduera-programa eraman dute aurrera, ikaskuntza, kultura eta elikadura jasangarria uztartuz.
Ortu irekia eta pasta-tailerra: Ortu irekiari esker, familiek lurrarekin eta elikagaiekin harreman zuzena izateko aukera izan zuten. Ondoren, eskolako karpan, Txaramela Kooperatiba Txikiak eskainitako pasta ekologiko tailerra egin zuten. Familiek pasta egiteko osagai ezberdinak ezagutzeaz gain, biodibertsitatearen babesa, autohornikuntzarako ahalmena eta elikadura burujabetzari buruz ikasteko aukera ere izan zuten. Amaitzeko, tailerrean egindako pasta etxera eramateko aukera izan zuten.
Bideokliparen aurkezpena: Berangoeta Kultur Etxean «Geure bazkarie» bideokliparen estreinaldi ofiziala egin zuten. Eskolako familia guztiekin lankidetza estuan egindako lanean. Ekitaldiari amaiera emateko, askari agroekologiko baten inguruan bildu ziren denak, elikadura jasangarriaren inguruko topagune komunitario bat partekatzeko.
Etorkizunari begira dagoen aldarrikapena
Aste tematiko honekin, Berango-Merana IGEak gogoratu nahi izan du eskola-elikadura otorduak zerbitzatzeaz haratago doala. Jantokia hezkuntza-aukera bat dela, elikagaiekin harreman kontzienteagoa sustatzeko, ekoizpen-eredu iraunkorrak bultzatzeko eta eskolaren, familien eta ingurunearen arteko loturak sendotzeko.
Eskolan sukaldea ezartzeak, eredu horretarantz aurrera egitea ahalbidetuko luke, janarien elaborazioa ikastetxera bertara hurbilduz eta jantokiaren izaera hezitzaile eta komunitarioa indartuz, BIGE partekatzen duen aldarrikapena.
