Zornotzatik Bermeora bitarteko bederatzi herrik osatutako ‘Danon Eskola Publikoa’ sarea jaio da
2026-02-04
Zornotzatik Bermeora bitarteko bederatzi herrik, 25 eskolak eta 13 guraso elkartek bat egin dute Danon Eskola Publikoa sarea sortzeko eta hezkuntza publikoa indartzeko xedez. Eskualdeko hezkuntza-komunitatearen historian abiapuntu bat da saretzea hau.
Busturiko Ekoetxean aurkeztu zuten sarea, larunbatean “babes zabal eta instituzionala” izan zuen ekitaldian. Bertan egon ziren, besteak beste, guraso elkarteen ordezkariak, bederatzi udaletako udal ordezkariak eta eskualdeko hezkuntza ordezkariak izan ziren aurkezpenean. Zornotza, Muxika, Gernika-Lumo, Arratzu, Gautegiz Arteaga, Natxitua, Busturia, Mundaka eta Bermeoko eskola eta ikastetxe publikoak dira sarekideak. “Haur eskoletatik hasi eta institutuetarainoko zentroak izango dira horren parte, Lanbide Heziketa, EPA eta musika eskolak barne”.
Proiektua guraso elkarte desberdinen lankidetzatik jaio dela nabarmendu dute: “Gurasoen borondatetik, ilusioetatik eta konpromiso solidariotik jaio da saretzea”. Publikoaz harro daude, eta harrotasun hori lau haizetara ikusarazi eta zabaldu nahi dutela adierazi dute. Sarea bost baloretan oinarritzen dela zehaztu dute: Inklusioa eta aukera berdintasuna, ekitatea eta justizia soziala, kalitatezko hezkuntza profesionala, demokrazia eta parte-hartzea, eta azkenik, euskalduna eta gertukoa.
Proiektuak “nortasun kolektibo bat” ematen diotela diote; bakoitzaren berezitasunetik abiatuta, talde bat izatearen babesa, hain zuzen. “Eskola bakoitza bere bidetik ibili beharrean, denok proiektu handiago baten parte garela sentitu nahi dugu, eta saretze honek babesa eta indar kolektiboa ematen digu guri, zein familiei”.
Marka propioa eta irudi berria sortuko dute Danon Eskola Publikoa sarea sortzearekin batera, “komunitatearen aniztasuna eta batasuna ordezkatzeko” helburuari eutsiz, eta esperantzadun mezua ere zabaldu dute, beregain: “Batera indartsuagoak garelako, eskola publikoa elkarlanean saretzen dugu. Gure eskolak saretuz, ez dugu soilik hezkuntza babesten; gure herrien etorkizuna eta arnasa ehuntzen ari gara”.
