Lekeitioko eskola publikoko “Talentuz” programa

2019-10-30

“Talentuz” da Lekeitioko eskola publikoaren hezkuntza proiektua osatzen duten lau programetako bat, haur hezkuntzara zuzendutakoa zehazki. Proiektu honetan ikasleen konpetentzia akademikoak eta ikas-irakas prozesuak garatzeko erabiltzen dituzten proiektu, estrategia, metodologia edota antolaketak batu dituzte.

“Talentuz” da ere eskolako proiektu orokorra azaltzeko argitaratu duten bildumaren lehendabiziko liburuxka da.

“Gure eskolan umea daukagu hezkuntzaren erdigunean, ahalmen handiko umea, etengabe mundua sortzen eta ikertzen ari dena, ideia, sentipen eta fantasiak bor-bor erabiltzen dituena eta jendartean kritikoki, aktiboki eta elkarkidetasunez parte hartzeko prest dagoena”, azaldu digute.

Lekeitioko eskolako Hezkuntza Proiektua lau esparruk osatzen dute eta horien bidez eguneroko behar eta egoerei aurre egiten diete. Esparru bakoitza berariazko programa nagusi batekin identifikatzen da eta horren baitan oinarri teoriko eguneratuak eta praktika esanguratsuak uztartzen dira.  Honako hauek dira aipaturiko programak:

  • TALENTUZ: sormena eta jakintza haurtzarotik.

Ikasle guztien ahamen, gaitasun, premia eta gogoa asetzeko beharrezko diren jakintzak eta ezagutzak batzen dituen egitasmoa.

  • ELKARREKIN: indarkeriarik gabeko elkarbizitza harmoniatsua

Eskola bizikidetza-gune eta herrigintzan eragile bihurtzeko estrategiak batzen dituen egitasmoa.

  • DENONA: partaidetza solidarioa jendartean eta komunitatean

Hezkuntza komunitatea eraikitzeko parte hartzea eta lankidetza bultzatzen duen egitasmoa.

  • PRESTATU: maila goreneko prestakuntza ezagutzaren gizartean.

Hezkuntza komunitateko eragileen garapen pertsonala eta soziala bultzatzeko egitasmoa.

 

*”Talentuz”-taz gehiago jakin nahi izanez gero, ipini zaitezte harremanetan eskolarekin eta liburuxka jasotzeko aukera izango duzue pdf- formatuan: (xabieriturbe@lekeitioeskola.net).