Bilboko Udal Eskola Kontseiluko familiek konponbideak eskatu dituzte ikastetxeetako garbiketa-gatazkari aurre egiteko
2026-11-27
Bilboko Udal Eskola Kontseiluan familien ordezkari diren kideek konponbideak eskatu dituzte ikastetxeetako garbiketa-gatazkari aurre egiteko. Gutun baten bidez jo dute alkatearengana eta kontseiluko presidentearengana, gatazkari irtenbidea emateko eskatzeko, izan ere, gatazka horrek Bilboko haur eta gazteen hezkuntzan eragina izaten ari da.
Garbiketa-grebak eragindako ikastetxe publikoetako higiene-baldintzek kezkatzen dituztela adierazi diete. «Egoera horrek gure seme-alaben osasuna eta segurtasuna arriskuan jartzen ditu, konpondu behar ez duten gatazka baten ondorioak pairatzen ari baitira. Irakasleei eta gainerako hezitzaileei ere eragiten die, gutxieneko higiene-baldintzak betetzen ez dituzten espazioetan lan egin behar baitute», adierazi dute idazkian.
Udalari premiaz esku hartzeko eskatu diote, akordio bat lortzen laguntzeko eta gatazkari amaiera emateko. Zehazki, urriaren 29ko Udalbatzan adostutako arbitraje-prozesua abian jartzea eskatzen dute.
«Familia askok kexak aurkeztu ditugu Udalaren webgunearen eta 010 telefono-zenbakiaren bidez. Urriaren 29ko Osoko Bilkuran, Udalak arbitrajea eskatzea erabaki zuen eta, arbitrajea ezin bazen gauzatu, bitartekaritzara jotzea. Orain arte, ordea, ez dakigu kudeaketa nola egin den, ezta Udalak zer pauso eman dituen FCCk langileen aldarrikapenei erantzuteko eta akordio bat lortzeko ere. Bitartean, ikastetxeetako egoerak bere horretan jarraitzen du, eta premiazko konponbidea behar du».
Halaber, IGEei negoziazioaren egoerari eta ematen ari diren urratsei buruzko informazioa emateko eskatu diete, kaltetutako ikastetxeetan higiene-baldintza egokiak berreskuratzeko.
