Miribillako Eskolako familiak euskaraz gozatzen!
2026-11-17
Igandero, Miribilla Eskolako 53 familiak, WhatsApp bidez, euskarazko hitzak eta esamoldeak jasotzen dituzte egunerokoan erabiltzeko. Miribillako Guraso Elkarteak 2023-2024 ikasturtean jarri zuen martxan ekimena, eta hasieran 25 lagun inguru zeuden WhatsAppeko hedapen-zerrendan.
Hainbat familiak, batez ere Haur Hezkuntzako haurren familiek, euskara ikasi nahi zuten, seme-alabak hobeto ulertu eta lagundu ahal izateko. Ama batek kontatu zuen seme-alabek ura eskatzen zietenean denbora asko behar izaten zutela eskaera ulertzeko. Elkarrizketa haietatik sortu zen egunerokoan erabiltzeko hitzak eta esaldiak astero partekatzeko ideia.
Hasieran, guraso elkarteak interneten aurkitutako hitz eta esamoldeen zerrendak bidaltzen zituen. Olentzero, Korrika edo urtaro aldaketak ere baliatzen zituen horretarako. Joan den ikasturtetik, IGEak gaiak aldez aurretik antolatzen ditu, eta igandero asteko gaiari buruzko euskarazko esaldiak eta hitz berriak bidaltzen ditu: euskaraz agurtzen ikastea, animaliak, koloreak edo familiako kideak izendatzea, edota urtaroak, jolasak eta ohiko jarduerez hitz egitea.
Lehenengo ikasturtea amaitzean, familiek liburuxka bat eskatu zuten, jasotako hitzak eta esamoldeak eskura izateko. Geroago, guraso elkarteak bi ikasturtetan bidalitako hitz eta esamolderik ohikoenak bildu zituen beste liburuxka batean. Orain, igandeetako mezuetan, hitzak kolorez nabarmentzen ditu elkarteak, errazago identifikatzeko.
Aurten, Bilboko Udaleko Euskara Sailaren laguntza jaso du ekimenak, eta euskararen aldeko jardunbide egokitzat jo du.
