Gure Auzoko Eskola Publikoaz Harro
2020-11-24
Pasa den ostegunean, azaroaren 19an, Bilboko Atxuri eta Mujika herri eskolak kalera irten ziren auzoko eskola publikoaren balioa balorean jartzeko:
“Gure Auzoko Eskola Publikoaz Harro”
Gaurkoan, Atxuriko eta Mujikako eskolek bat egin dugu kolore eta soinu giza kate honen bidez, harro gaudelako. Harro gaude gure auzoko eskola publikoez, gure txikien eta auzoen etorkizuna direlako, eta izango garena eskola horietan dugulako jokoan. Harro gaude gure eskola publikoez, gure auzoen bizitzarako funtsezko gune komunitarioa direlako. Harro gaude gure auzoko eskola publikoez, beren izaera integratzaileagatik: Horien bidez, gizarte-desberdintasunaren gorakadari eusten laguntzen dugulako. Harro gaude gure auzoetako eskola publikoez, gure auzoetan egiten duten kohesio-lanarengatik, guztientzat irekita daudelako, eta guztion harreragunea direlako, bereizketarik gabe.
Harro gaude gure auzoetako eskola publikoez eta haien hezkuntzakomunitateaz, irakasleen lanaz, gure seme-alabak egunero zaintzen dituzten laguntza-langileez eta jantokiko langileez. Familiez harro gaude, gaur bezala, kalitatezko eskola publiko baten alde borrokatzeko hautua erakutsi duzuelako, etxean geratu beharrean. Eta, jakina, gure haurrez harro gaude, egunero erakusten digutelako bizitza eta zaintza direla erdigunean kokatu behar ditugunak, eta ondorioz, borrokak merezi duela, BETI!
Eta, jakina, harro gaude gure auzoez, haien eskola publikoaren aldeko apustua irmoa baita. Hori erakutsi digute gaurkoan zein aurreko asteetan, hainbat elkartek, erakundek eta pertsonak emandako babesaren bidez, zonaldeko auzo guztien kezka agerian utzita. Auzotarrok urtez urte erakusten dugu, matrikula eskaintza agortuz, gure seme-alabek eskola publikoan ikastearen aldeko apustua.
Baina eskaintza ez da nahikoa: 2020-2021 ikasturtean, 28 haur plazarik gabe geratu dira, eta gehienak itunpeko ikastetxe edo ikastoletara bidali dituzte, beren auzoko eskola publikoetara joateko aukerarik gabe. Kopuru hori izozmendiaren punta baino ez da; izan ere, familia askok ez dituzte gure eskolak lehenesten, ez dutelako plazarik lortuko eta inguruko beste ikastetxe batzuetan lehentasuna galduko duten beldurrez.
Horregatik guztiagatik, erakundeei -Bilboko Udalari eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari- eskatzen diegu, gu bezala, eskola publikoaz harro egoteko. Estrategikotzat jotzen diren azpiegitura handi horietako inbertsioak zaintzen dituzten bezainbeste, zaindu ditzatela gure eskolak; izan ere, benetan estrategikoa dena zera da: kalitatezko eskola publiko baten alde egitea eta gure seme-alabei kalitatezko etorkizuna ziurtatzea, horrek bermatzen duelako guztion etorkizuna. Azpiegitura erraldoi horiek baino askoz gutxiago behar dugu gainera: abiadura handiko kilometro batek balio duena baino askoz gutxiago, edo erakunde publikoek uharteak sortzeko edo unibertsitate pribatuentzako eraikinak eraberritzeko inbertitu dutena baino askoz gutxiago.
Hezkuntza-komunitateek dagoeneko egin dute beren lana: udal-talde guztiekin partekatu dugu gure eskolen beharren azterketa. Datu objektiboak mahai gaineratu ditugu, gure eskolek dituzten ezaugarriak, oinarrizko zein kalitatezko hezkuntza duina bermatzeko izan beharko lituzketen ezaugarriekin alderatzeko, eta agerian utzi dugu dena eta izan beharko litzatekeenaren arteko arrakala. Udalbatzan azalduko dugu hurrengo asteetan. Entzun egin behar digute, hau denon arazoa delako.
Erakundeei konpromiso argia eskatzen diegu, hain zuzen, ikuspegi estrategikokoa izan dezaten, urte gutxiren buruan gure eskolen instalazioek jasaten dituzten egiturazko gabeziak konpontzeko, eta gure auzoen eskaerei erantzuteko. Izan ere, gure ikastetxeek (biak ala biak 100 urtekoak) dituzten egitura-espazioen gabeziek ez dute ahalbidetzen hezkuntza zein ikasleen arteko elkarrekintza egokia garatzea, eta egoera hori are larriagoa da Covid-19 izurriaren testuinguruan.
Airea ere behar dugu: gure haurrek aire zabaleko jarduerak garatu behar dituzte: kanpoko espazioen gabezia dugu, edo ditugun horien tamaina eskasa da, eta pandemiaren testuinguru honetan larriagotu den errealitatea da hau. Oinarrizko azpiegitura duinak behar ditugu: gimnasioa, liburutegia, jangela edo irakasle-gela. Beharrezkoa da barruko espazioak askatzea espazio horiek modu duinean sortzeko. Auzora irten ahal izatea behar dugu: eta lotura handiagoa eskoletako espazioaren eta dagokien hiri-ingurunearen artean, eskola-orduetan eta eskolaz kanpoko orduetan jarduerak egin ahal izateko, eta udal-espazio publikoak erabiltzeko.
Ziur eta seguru egon behar dugu eskola barruan eta eskolatik kanpo: trafikoaren beldurrik gabe oinez joan ahal izateko eta barruko espazioaz mugarik gabe gozatu ahal izateko. Esaterako, Atxuriko Eskolako egiturazko segurtasunarekin lotutako azken obra 2006koa da, esku-hartze horrek ekarri zituen hobekuntzak zaharkituta geratu dira, eta ez dituzte asetzen, dagoeneko, haurren egungo beharrak. Lurra erortzeko beldurrik gabe salto egin ahal izatea behar dugu.
Horregatik guztiagatik, erakundeei eskola publikoa, guztiona, zaintzeko eskatzen diegu. Eta gure auzoetan kalitatezko hezkuntza publikoaren aldeko apustu irmoa bermatuko duen konpromiso instituzionala eskatzen dugu!
Gora eskola publikoa!
Mujikako eta Atxuriko eskolak”