Txurdinaga Behekoa BHIko eta Larrañazubi HLHIko hezkuntza-komunitateek elkarrizketa falta salatzen dute hezkuntza-eskaintzako aldaketen aurrean
2026-03-24
Bilboko IES Txurdinaga Behekoa institutuko eta Getxoko CEIP Larrañazubi eskolako hezkuntza-komunitateek Hezkuntza Sailak hezkuntza-eskaintza aldatzearen erabakiaren aurrean euren ahotsa altxatu dute, Eusko Jaurlaritzan dagoen kontraesan kezkagarria agerian utziz. Begoña Pedrosa sailburuak publikoki behin eta berriz adierazten duen arren Euskal Eskola Publikoa sistemaren “ardatz nagusia” eta lehentasun gorena dela, bi zentro hauetan gertatzen ari dena kontrakoa erakusten dute: murrizketen eta elkarrizketa faltaren estrategia bat, hain zuzen ere ardatz hori ahultzen duena.
Bi zentroetako hezkuntza-komunitateek euren etorkizunean zuzenean eragiten duten azken erabakien inguruko kezka adierazi dute. Familiak, ikasleak eta hezkuntza-ordezkariak elkarrizketa eta gardentasuna eskatzen ari dira, haien ustez hezkuntza-eskaintza publikoan ondorio larriak izan ditzaketen aldaketak ezarri aurretik.
Txurdinaga Behekoa: eskaintza publiko gutxiago eremuan
Bilboko IES Txurdinaga Behekoa institutuko hezkuntza-komunitateak —ikasleak, familiak eta irakasleak— Hezkuntza Sailak hartutako erabakiaren aurkako jarrera agertu du: 2027-2028 ikasturtetik aurrera Arte Batxilergoko 1. maila (bi modalitateetan) eta Diseinuko goi-mailako zikloa kentzea, gaur egun zentroan ematen direnak. Erabaki honek talka egiten du eskola publikoa sare “erreferente eta erakargarri” bihurtzeko erakundeek egindako promesarekin. “Euskal Eskola Publikoarekiko gure konpromisoa erabatekoa da”, adierazi zuen duela gutxi Begoña Pedrosak.
Irakaskuntza horiek kentzeak arte-ikasketekin lotutako eskaintza publikoa ahultzea ekarriko luke, eta Batxilergoko zein Lanbide Heziketako eskaintza nabarmen murriztea. Erabaki honek zuzenean eragiten, bereziki Bilboko 4. barrutiari (Begoña, Santutxu, Txurdinaga eta Otxarkoaga), baina baita Bilbo osoari eta inguruko herriei ere.
Salatzen dutenez, neurria elkarrizketarik gabe hartu da, eta zentroari ez zaio baimendu ate irekien jardunaldiak egitea ere. Testuinguru honetan, hezkuntza-komunitateak galdera nagusi bat planteatzen du: nola izan daiteke Euskal Eskola Publikoa “lehena” baldin eta bere eskaintza familiei erakustea eragozten bazaio, sare itunduak hedatzen jarraitzen duen bitartean? Irakaskuntza hauek murriztean, Sailak ez du soilik zentroaren espazio-gaitasuna baztertzen, baizik eta ikasleak eskaintza pribatura bultzatzen ditu, Euskal Eskola Publikoa indartzeko diskurtsoa bera traizionatuz.
Institutuak egungo eskaintza mantentzearen alde egiten du, bereziki Arte Batxilergoa bi modalitateetan —Arte plastikoak, irudia eta diseinua, eta Musika eta arte eszenikoak— eta A eta D hizkuntza-ereduetan, baita Diseinuko zikloa ere, ikasketa horiekin lotuta dagoena eta sarbide-probarik egin gabe onartua izateko aukera ematen duena. Gainera, zentroak espazio nahikoa duela azpimarratzen dute, eskaintza hori mantentzeko edo handitzeko ere, eta hori Euskal Eskola Publikoaren aldeko apustu argia litzateke sare itunduaren hazkundearen aurrean.
Egoera honen aurrean, hezkuntza-komunitateak neurria atzera botatzea, elkarrizketa-prozesu bat irekitzea eta hezkuntza-plangintza gardena eskatzen du, Batxilergoaren eta Diseinuko zikloaren jarraipena bermatzeko. Bien bitartean, ikasleek, familiek eta irakasleek mobilizatzen jarraituko dutela iragarri dute, eskola publikoa eta institutuko hezkuntza-etorkizuna defendatzeko.
Larrañazubi: adostasunik gabeko itxiera
Getxoko CEIP Larrañazubi eskolaren kasuan, Familien Elkarteak (IGE) martxoaren 11n bilera izan zuen Hezkuntza Saileko ordezkariekin, zentroa ixteko planteatutako prozesua aztertzeko. Bileran Getxoko alkatea, udal ordezkariak eta Aniztasun eta Hezkuntza Inklusio Saileko arduradunak ere izan ziren.
Bileran, familiek euren kezka adierazi zuten eta erabakia berrikusteko eskatu zuten, irizpide pedagogikoak, antolakuntzakoak eta sozialak kontuan hartuta. IGEren arabera, Administrazioak ez zuen itxiera justifikatzen duen txosten tekniko edo pedagogikorik aurkeztu.
Planteatutako gaien artean, familiek ikastetxeko Gela Egonkorraren jarraitutasuna nabarmendu zuten, egungo inguruneak hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleengan duen eragin positiboa azpimarratuz, baita inguruko Gela Egonkorra duen ikastetxe bakarra dela ere asierazi zuten.
Bilera akordiorik gabe amaitu zen. Ondoren, familiek iragarri zuten zentroaren hezkuntza-proiektuaren jarraipena defendatzen jarraituko dutela. Egoera Arartekoari eta Herriaren Defendatzaileari ere helarazi diete, eta elkarrizketa-gune bat irekitzea eskatu dute, zentroaren etorkizuna bermatuko duten alternatibak aztertzeko eta Getxoko eskola publikoa indartzeko.
Itxiera-neurria ez da eztabaidatu ezta hezkuntza-komunitatearen parte-hartzearekin ere egin, eta erabakia familien, eskola-kontseiluaren, irakasleen klaustroaren eta baita Getxoko Udalaren aurkako jarrerarekin hartu da; izan ere, Udalak gehiengo osoz onartutako mozio baten bidez bere desadostasuna adierazi du.

Benetako elkarrizketaren beharra
BIGEk berriro azpimarratzen du hezkuntza-komunitateekin benetako elkarrizketa-guneak irekitzeko beharra eta hezkuntza-plangintzan gardentasuna bermatzearen garrantzia. Ildo horretan, federazioak hainbat aldiz eskatu du Bizkaiko lurralde-ordezkariarekin bilera bat egitea gai hauek lantzeko, baina oraingoz ez du erantzunik jaso; horrek agerian uzten du jarduteko modu aldebakartza, eskola publikoa ahultzen duena.
Txurdinaga Behekoa eta Larrañazubiko egoerek zalantzan jartzen dute diskurtso instituzionalaren eta hartutako erabakien arteko koherentzia. Sare publikoa indartu beharrean, neurri hauek atzerapauso bat dira bere garapenean eta ikasleen beharrei erantzuteko gaitasunean.
BIGEn Euskal Eskola Publiko sendo, inklusibo eta kalitatezko baten alde egiten dugu, familien, ikasleen eta irakasleen parte-hartze aktiboarekin eraikia, eta lanean eta mobilizatzen jarraituko dugula ohartarazten dugu haren etorkizuna bermatzeko.
