Portugaleteko Antonio Trueba ikastetxeak Bizkaiko lehenengo snoezelen gela publikoa ireki du
2026-02-18
Portugaleteko Antonio Trueba ikastetxeak Bizkaiko lehenengo snoezelen gela publikoa ireki du, eta erreferente bihurtu da eskola publikoan inklusioan eta ongizate emozionalean.
Snoezelen gela edo gela multisentsoriala, zentzumenak modu kontrolatuan estimulatzeko bereziki diseinatutako espazioa da. Argiak, koloreak, soinuak, testurak eta usainak uztartzen ditu, guztiz erregulagarria den ingurune batean; normalean zuria izaten da, eta argi-intentsitatea zein giroa egokitzeko aukera ematen du. Helburua erabiltzailearen beharren arabera esperientzia lasaigarriak edo aktibatzaileak sortzea da. Horrelako gelak emozioen autoerregulazioa, arreta, komunikazioa eta garapen kognitiboa sustatzeko erabiltzen dira, bereziki hezkuntza- edo emozio-behar espezifikoak dituzten ikasleen kasuan.
35 metro koadroko espazio berria Haur Hezkuntzako eraikinean dago, eta hiru ikuspegitatik lan egiteko aukera ematen du: ikuspegi librea, pedagogikoa eta terapeutikoa. Horrela, esku-hartze espezializaturako tresna izateaz gain, ikastetxe osorako hezkuntza-baliabide ere bada.
Proiektu honetan funtsezko zeregina izan du ikastetxeko Guraso Elkarteak, gelaren finantzaketa bere gain hartu baitu, eskola komunitateko haur eta gazteen ongizate emozionala hobetzeko halako baliabide bat izatearen garrantziaz jabetuta. Elkarteak baloratu zuen eskola publikoan laguntza espezifikoen beharra gero eta handiagoa dela, eta komunitate osoan eragina duen ekimen baten aldeko apustu irmoa egin zuen.
Abian jartzeko, irakasle batzuk prestakuntza espezifikoa egin behar izan dute azken urtean. Ikasketa-buru Zahara Urquiza eta Alazne Molinuevo aholkulariak prestakuntza espezializatua jaso dute gela behar bezala kudeatu ahal izateko; izan ere, espazio mota hauek ezagutza teknikoak eskatzen dituzte zentzumen-estimulazioan, ingurune-erregulazioan eta laguntza terapeutikoan. Prestakuntza hori funtsezkoa izan da ekipamenduaren erabilera egokia eta segurua bermatzeko.
Gainera, aukera zabaldu da beste ikastetxe publiko eta hezkuntza-profesional batzuek gela bisitatu ahal izateko, haren funtzionamendua ezagutzeko eta esperientzia partekatzeko, horrelako baliabideak beste eskola publiko batzuetara ere hedatzea sustatzeko asmoz.
