Luis Briñas Santutxu Eskola, Europara begira

2019-11-26

Luis Briñas Santutxu eskolak hezkuntza kalitatearen aldeko apustua eginez, bere irakaslegoak Estoniako bi eskola bisitatu ditu Erasmus + proiektuari esker. PISAko emaitzen arabera Estoniako hezkuntza Europako onena da eta herrialde honek ere  familia eta eskolaren arteko elkarlanaren alde egiten du, Luis Briñas Santutxu eskolako irakasleek ikusi ahal izan duten bezala.

Gaur egun, Europako PISA frogetan lehengo postua okupatzen du Estoniak, bere bizilaguna Finlandia ere gaindituz, hezkuntza publikoaren eta haren doakotasunaren alde egiten duten hezkuntza politikei esker. Luis Briñas Santutxu eskolako hiru irakasle eta Txurdinagako Berritzeguneko aholkularietako bat Europako herrialde horretan izan dira, ikastetxeko irakaskuntza eta, ondorioz, ikasleen gaitasunak hobetuko dituzten praktika metodologiko berritzaileen bila.

Estoniako gobernuak eskola publikoaren aldeko apustua egin du, ikastetxeen %95ak jabetza publikoa izanik. Luis Briñas Santutxu eskolako irakasleek egiaztatu ahal izan duten bezala, jantokia eta testuliburuak doakoak dira ikasle guztientzat, haien familien diru sarrerak alde batera utzita. Gainera, eskolako eraikinak eta instalazioak egokituta daude, eta berritzen ari dira, uneko beharrak eta pedagogia berriak kontuan hartuta.

Era berean, azpimarratu behar da familiak eskolako egunerokoaren parte direla. Horren adibide garbia da goizero ikasle guztiak eskolako instalazioetara sartzen direla, beraien neguko jaka eta prakak kentzen dituztela eta botak oinetako erosoengatik aldatzen dituztela. Denbora horretan familiak inolako arazorik gabe sar daitezke ikastetxera eta seme-alabei lagundu, horrela eskolara sartzeko modua malgua eta lasaia izanik. Gauza bera gertatzen da irteerako orduan.

Hezkuntza ereduari dagokionez, haur hezkuntzatik robotikaren aldeko apustua egiten dutela ikusi du Luis Briñas Santutxu eskolak. Lehen Hezkuntzan, ikaskuntza esanguratsuaren eta integrated learning metodologiaren aldeko apustua egiten dute, irakasgai guztietan landutako gai berdinak bateratzen dituena. Gamifikazioa, jolasaren bidez irakastea, eskolako egunerokoaren parte ere bada, eta curriculumaren barruan dago txertatuta. Estoniako hezkuntzaren beste indarguneetako bat ikasleen denborak errespetatzea da, klaseko 50 minuturo 10 minutuko etenaldia egiten dute.

Esperientzia horretaz asko ikasi eta gozatu dute Luis Briñas Santutxu eskolako irakasleek. Orain, beraien eskolan bideragarriak diren hobekuntza-neurri guztiak aplikatzen ahaleginduko dira; orain arte egin duten bezala, kalitatezko eskola publiko berritzaile baten alde egiten jarraitzeko.