Bastidako Itsasargia: eskola-komunitatearen erretratuak herriko kaleetan zehar

2021-06-17

Bastidako eskola publikoa Inside Out izeneko proiektuan murgildu da eta “Bastidako Itsasargia” ekimena jarri du martxan. Proiektuak eskola publikoaren komunitatearen kideen erretratuekin bete ditu Bastidako kaleak.

“Gure eskola komunitate osoa erretratatu dugu eta argazkiak eskala oso handian itsatsiko ditugu eskolak begiratzen dituen gainazaletan, Bastidako itsasargiak gidatzen gaitu gure bizitzako ibilbidea eraikitzen”, adierazi digute eskolatik. Proiektuaren bidez eskolari ikusgarritasuna ematea da helburuetako bat.

Argazkiak Bastidako kaleetan jarriko dira ekainaren 14tik 16ra bitartean, txandaka eskola komunitate osoaren elkarlanaz baliatuz. Argazkiak ikusteko abiapuntua eskola publikoa izango da, izan ere, eskolatik hurbil dauden hormak artelanez beteta egongo dira.

Inside Out Project

Inside Out Project mundu osoko komunitateei sinesten dutena defendatzen eta tokian-tokian aldaketa globala eragiten laguntzen dien plataforma da eta espazio publikoetan zuri-beltzeko erretratuak erakutsiz sortzen dituzte ekintzak.

JR artista frantziarra komunitateekin lankidetzan aritzen da, eguneroko pertsonen erretratu indibidualak hartuz, eskala handian inprimatuz eta espazio publikoetan itsatsiz, beste gauza askoren artean.