Aldaiaberri guraso elkartea ikastetxea eraiki arte borrokan
2021-02-02
Aldaialdeko familiek haien seme-alaben ikastetxearen eraikuntza berehala hastea behar dute. Eusko Jaurlaritzak lizitazioa 2020. urtea amaitu baino lehen aterako zuela esan zuen, obrak 2021eko udan hasi ahal izateko. Bere hitza ez betetzeaz gain, obrei ekiteko oso aldeko ez diren albisteekin hasi da urtea.
Lizitazioa noiz argitaratuko zain zeudela, Jokin Bildarratz Hezkuntzako sailburua agertu zen komunikabideetan prozesua egoera juridiko zailean dagoela esanez, eta Hezkuntza Sailak ez duela ikusten ikastetxea eraikitzeko irtenbiderik epe laburrean.
Duela urtebete Eusko Jaurlaritzak dena prest zegoela esan eta egungo Hezkuntzako sailburuaren hitzen ondoren etsipena eta haserrea nagusitu dira familien artean.
Bosgarren ikasturtea da barrakoietan, bost urteko itxaronaldia Gasteizko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak ez baitituzte betetzen agindutako epeak eta hartutako konpromisoak.
Hezkuntza Sailburuaren agerraldiak inork erantzuten ez dituen galdera asko uzten ditu airean:
- Zer dakarte esku artean Gasteizko Udalak eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak? Ikastetxea benetan eraiki nahi al dute?
- Zergatik agertzen da Hezkuntza Sailburua albiste hau ematera matrikulazio kanpainan?
- Zergatik ez dira ikastetxea eraikitzeko irtenbide guztiak aztertzen?
- Zergatik hainbeste arazo tren bat inoiz pasatuko ez den lursail batengatik?
- Zergatik ez du Eusko Jaurlaritzak Eskola Publikoa defendatzen eta bermatzen?
Testuinguru honetan Aldaialdeko familiek borrokan jarraituko dute ikastetxearen proiektuan eta metodologian sinesten dutelako. Ez dute etsiko lortu arte, eta bide horretan beste hainbat mobilizazioren artean manifestaldia deitu dute hurrengo otsailaren 6rako, eguerdiko 12:00etan Bilbao Plazan.