Zabaleko bizirik!
2021-06-01
Aurreko astean jakin zen Zabaleko ikastetxea itxi eta Mendiko ikastetxearekin bat egin nahi zutela. Horren aurrean Zabaleko bizirik! plataforma antolatu zen eta hainbat mobilizazio deitu ziren auzoan eta herrian. Badirudi Administrazioak, momentuz eta hurrengo ikasturterako bateratze hori bertan behera utzi duela.
Aniztasuna aberastasuna da eta aniztasun horren barruan izaera eta nortasun ezberdinak dituzten eskola publikoek tokia dute. Eskola-txikiek, landa-eskolek eta auzo-eskolek ezaugarri, kezka eta behar ezberdinak dituzte; baina hezkuntza sisteman eredugarriak dira eta hezkuntza eta eskola bizitzeko modu propioa dute.
Zabaleko eskola horietako bat da, txikia, euskalduna eta berezko nortasuna garatu duena. Urratsez urrats bidea egiten jakin izan du eta txikia izatetik handia izatera heldu da. Handia bere auzoarentzat, handia bere ikasleentzat, handia ikas komunitatea osatzen duten guztientzat, handia San Jose auzoan bizi direnentzat, handia Amurrio eta Aiaraldearentzat.
Urtetako lan itzela dago bide horren atzean: zuzendaritza konprometitu baten lana, irakasle konprometitu batzuen lana, familiekiko elkarlana, eskolatik kanpoko eragileekiko elkarlana, ondoko beste eskolekiko elkarlana eta kalitatezko eskola publiko euskaldun bat eraikitzeko elkarlana.
Herri eta auzo txikietan eskolek duten garrantzia aldarrikatu behar dugu, haiek baitira herri txiki bat edo auzo bat bizirik mantentzen dutenak. San Jose auzoa bizirik nahi dugu eta horretarako Zabaleko eskola publikoa zabalik behar dugu.