Patioaren eraldaketa CEIP Zabalgana HLHI ikastetxean

2020-10-20

2015 urtetik aurrera CEIP Zabalgana HLHI ikastetxeko hezkuntza komunitate osoa eskola patioen eraldatze sakona burutzeko saiakeran murgildu da. Horretarako inplikatutako eragile guztiek (zuzendaritza, irakasleria, ikasleria eta guraso elkartea) ahalegin izugarria egin dute patioetan inklusioa, osasuna eta hezkidetza oinarrian egon daitezen.

Aurreko ikasturtean zehar haur hezkuntzako patioa goitik behera eraldatu da, irakasleen parkinga desagerraraziz ikastetxeko txikienek espazio gehiago izan dezaten, adin goiztiar horietan hain garrantzitsua den jarduera fisikoa modu egokian egin ahal izateko hain beharrezkoa dena.

Ikasturte honetako helburua, aldiz, espazio horretan haurren mugimendua eta aldi berean jolasaren bidezko gizarte garapena ahalbidetuko dituzten elementuak txertatzea izango da.

Guraso Elkartearentzat eta orokorrean ikastetxearentzat patioak aisialdirako tokiak baino gehiago dira. Helburu pedagogikoak integratu behar dituzte eta gizarteratze jarrerak eta kalitatezko interakzio esperientziak ahalbidetu behar dituzte ikasleria osoarentzat jolasa eta ariketa fisikoa sustatuz eta naturarekiko eta bizitza osasuntsuarekiko jarrera positiboak landuz.

Gainera, patioetan txertatzen diren elementu eta aldaketek auzoan eragiten dutela uste dute ateak ireki egiten baitira Udaletik eta auzo elkartetik antolatzen diren jarduerak burutu ahal izateko. CEIP Zabalgana HLHI oso ekipamendu baliotsua da auzo zein hiri mailan, eta beraz patioak eraldatzeko proiektua ikastetxetik abiatzen bada ere haratago, komunitate osora, heldu nahi du.