Oiongo eskolako ikasleek biztanle berrientzako gida bat sortu dute
2021-06-15
Hirugarren hiruhilekoan Oiongo Ramiro de Maeztu HLHI ikastetxean “Etorkizunaren astea” izeneko proiektua garatu dute, zeinaren barruan talde/ikasgela bakoitzak herriaren beharretan oinarritutako mikroproiektua landu duen.
Lehen Hezkuntzako ikasleek haien proiektuaren diseinuan Oion herrira lehen aldiz heltzen diren pertsonentzat ohikoa izan daitekeen behar bat identifikatu zuten. Herri berri batera heltzeak izan ditzakeen zailtasunak ezagututa une horietan pertsona hauei, umeei batez ere, laguntza eskaintzeko aukera ikusi zuten.
Beraz, Oionera heltzen diren ume guztiek gozokiak non lor daitezkeen, edota parkea, igerilekua zein ikastetxea non dauden jakin beharko luketela ondorioztatu zuten. Eta horretarako zera sortu zuten: “Oiongo Gida”.
Aste batzuk pasa ondoren eta herriaren interes gune ezberdinak aztertu ondoren “Oiongo Gida” errealitate bihurtu da, bai mapa fisikoa zein digitala. Haren bidez umeek non jolasten duten edo gozokiak non erosten dituzten jakin daiteke. Eta horrez gain proiektua garatu duten umeak ezagutzeko aukera ere badago egindako ongietorri bideoaren bidez.
Oiongo mapa bat, Oionentzat eta Oiongo umeek egina.