Aiaraldeko I. Multikirol Topaketa antolatu du Zabaleko ikastetxeko guraso elkarteak

2022-05-18

Joan den maiatzaren 14an Aiaraldeko I. Multikirol Topaketa ospatu zen Zabaleko ikastetxeko guraso elkarteak antolatuta, Denon Eskolak Arabako Foru Aldundiarekin eskola kirola sustatzeko sinatuta daukan hitzarmenaren barruan. Topaketa horretan Mendiko eskola, Lamuza ikastetxea, Etxaurren Ikastola eta Zabalekok parte hartu zuten besteak beste. Guztira 60 haur bildu ziren eta egun zoragarri batez gozatu ahal izan zuten.

Lehen edizio horretarako herri kirola hautatu zuten eta umeek ederki gozatu zuten trontzan, ingudea altxatzen, lasto-fardoak jaurtitzen,…Hori guztia, lagun berriak egiten zituzten bitartean.

Parte hartzaileen ikuspegitik esperientzia zinez ederra izan zen, haur eta helduen laguntasuna landu zelako eta eskualdeko eskola publiko ezberdinak elkartu zirelako Zabalekon. Kirola eta jolasaren bidez disfrutatzea eta aldi berean kultura transmititzea uztartu ahal izan ziren. Zentzu guztietan egun bikaina bizi izan zuten.