Zarauzko Orokieta herri eskolako Erasmus+ proiektu berria

Erasmus+ proiektu berri bat lortu dugu aurten eta hasierako bilera burutzen ari da Rigan (Letonia).

Orokieta Herri Eskolako lau irakaslek Letonian Erasmus+ proiektu berri bati hasiera eman diote. “Everything can be reclyced except the Earth” (Edozein birzikla daiteke, Lurra izan ezik) izenburupean, birziklapenaren inguruko praktika onak ezagutu eta etengabeko ikastaroak egingo dituzte.

Bi urtetan zehar, Orokieta Herri Eskolako 16 irakaslek eta 8-10 ikaslek, Letonia, Eslovakia, Lituania, Italia eta Turkiako eskolak bisitatuko dituzte. Era berean, Zarautzera ere etorriko dira Orokieta Herri Eskolako praktikak ezagutzera.

Proiektu honen bitartez, Orokieta Herri Eskolak hezkuntza nazioartekotzearen prozesuan aurrera egingo du. Bigarren aldia da Erasmus+ proiektu batean parte hartzen dutela. Bukatzear dago ekintzailetasuna ardatz duen “YES” proiektua. Proiektu honetan, Poloniako, Portugaleko, Italiako eta Turkiako eskolekin lankidetzan erronka komunak garatu dituzte.

Europar programetan parte hartuz, atzerrian ikasitako metodologia eta praktika onak eskolan aplikatzen dituzte, hezkuntza eskaintza hobetzeko helburuarekin.