Mendialdea IPI – Hamaiketako osasungarria

2019-10-10

2017. urtean Kanpezuko Mendialdea IPIko Guraso Elkarte bezala Eusko Jaurlaritzari ikastetxeko jantokiaren eredua aldatzeko aukera behin eta berriz eskatu ondoren Hamaiketako osasungarria abiatzea erabaki genuen. Hamaiketakoa gure seme-alabek ikastetxean egiten duten beste otordu bat da eta ohitura osasuntsuak irakasteko bai familiek zein ikastetxeek aprobetxatu dezakeguna.

Gure hamaiketakoaren diseinua zuzendaritza, klaustroa eta ikastetxeko familiekin adostu ondoren pixkanaka egun gehiago hartzen joan ginen familiek hamaiketakoa etxetik ekartzeko egunak murriztuz.

Proposamena oso sinplea zen, astean hiru egunetan fruta (astelehen, asteazken eta ostiraletan) eta beste bitan ogia (batzuetan olioarekin eta hilean behin gaztarekin).

Hileko erosketak txandaka egiten dira Kanpezuko denda ezberdinetan. Guraso Elkartetik arduradunak egiten du eskaria (gela bakoitzerako beharko diren fruta aleak) eta astelehenetan goizeko 9etan dagokion dendako pertsona batek erosketa hurbiltzen du ikastetxera gela bakoitzerako kutxatan banandurik. Gela bakoitzeko tutoreak berea hartu eta astean zehar banaketaz arduratzen da (DBH-n ikasleek beraiek arduratzen dira banaketaz).

Ogia Arabako Mendialdeako okindegi ezberdinetan erosten da. Kanpezuko okinari tokatzen zaionean berak uzten du ogia ikastetxean eta tutore bakoitzak bereak hartzen ditu. Beste herri bateko okinen txanda denean ikastetxera datozen autobusak aprobetxatzen dira Kanpezura ekartzeko eta goizeko 9etarako badago ikastetxean.

Noizean behin kontsumitzen diren produktuen kasuan, Haranako gazta adibidez, gela bakoitzerako paketeetan prestaturik heltzen zaio. Ekoizleari eskatu eta prestatu egiten digu, ikastetxean utzi eta tutoreek banatzen dute.

Horrela ekin genion egitasmoari. Lau hilabete iragan ondoren hamaiketako sistema honek guztiak familientzat suposatzen zuen kostua kalkulatu genuen: hileko 3 euro, beraz 18/19 ikasturteari hamaiketakorako kuota horrekin ekin genion.

Pixkanaka produktu ezberdinak gehitzen joan gara; jogurt ekologikoa, halal hestekiak, tomate ekologikoa (bertako ekoizleari zuzenean erositakoa), fruitu lehorrak (bertako ekoizleari zuzenean erositakoa)… eta horregatik, Batzar Orokorrean aztertu ondoren, ikasturte honetarako kuota hilean 4 eurora igo da, hamaiketakoa era askotakoa eta gozoa izatea nahi dugulako.

Hainbat dira familiek ikusten dituzten abantailak (prezioaz gain); ez da egunero zer hamaiketako prestatuko dudan pentsatu behar, fruta gehiago jaten dute seme-alabek,… eta beste hainbat guk ikusten ditugunak; plastikozko ontziak, aluminiozko paperak eta horrelakoak desagertu egin dira, ez da patioan hamaiketako ezberdinek eragindako inbidiarik sortzen,…

Baina Guraso Elkarte bezala zera azpimarratu nahi genuke, egitasmo honekin hezten ari gara, ohiturak aldatzen ari gara, bertako produktuak edo herriko dendatan kontsumitzearen garrantzia nabarmentzen ari gara. Elikatzen ari garen ekonomia zirkular hori oso garrantzitsua da gure eskualderako eta gure jantokira ere eramangarria badela iruditzen zaigu.