Koldo Mitxelenako ikasleak Zaharren Egoitzan izan dira

2019-12-18

Abenduaren bigarren astean zehar, Koldo Mitxelena Herri Ikastetxeko LH4ko ikasleak Errenteriako Zaharren Egoitzan izan dira, urteroko legez, eta goiz pasa egin dute hango egoiliarrekin berriketan eta jolasean.

Egoitzara joan aurretik, ikasle bakoitzak galdera sorta bat prestatu zuen eskolan, hara joatean adineko batekin elkartu, eta hari egiteko galdera horiek. Haien bizitzari buruzko galderak prestatu zituzten ikasleek, jaiotza urteari, ogibideari eta abarri buruzkoak. Galdera horien aitzakiarekin, berriketan aritu ziren haurrak eta adinekoak, eta giro ederra sortu zen guztien artean. Baina berriketarako ez ezik, kanturako eta jolaserako tartea ere izan zuten. Zenbait kanta abestu zituzten guztiek batera, eta bingo saio bat ere egin zuten.

Ekimen hau urtero egiten dute, eta oso aberasgarritzat jotzen dute ikastetxean; izan ere, haurren bisitak poz handia ematen die zaharren egoitzan dauden gizon-emakumeei, eta, era berean, haurrek haiengandik ikasteko aukera izaten dute, haien bizipenak eta istorioak entzunda. Nabarmendu dute oso giro polita sortzen dela, oso berezia, eta hunkigarria izaten dela ikustea nola aritzen diren berriketan neska-mutilak egoitzako gizon-emakumeekin. Belaunaldien arteko topaketa ederra izaten da, elkarren berri izateko aukera eskaintzen diena batzuetan elkarrengandik oso urrun dauden bi munduri.

www.koldomitxelenaikastetxea.com