Elgoibarko Herri Eskolako ikasleak konfinamenduaz baliatu ziren koronabirusa ezagutzeko

2020-07-09

Koronabirusak lan-munduan izan dituen ondorioak hezkuntza-sisteman ere islatu dira, ikasgelen itxierarekin eta ikasleen prestakuntza telematikoaren aldeko apustuarekin. Horren adibide ditugu Elgoibarko Herri Eskolako 5. B mailako ikasleak. Izan ere, ikasle horiek beharrizana bertute egin dute eta ikasturte berezi horren azken txanpan eta pandemiak behartutako etxeratzea dela eta, esperimentazioaren eta metodo zientifikoaren munduan sakondu dira, Covid-19 erreferentzia hartuta. «Ikasleek hainbat esperimentu egin zituzten etxean, metodo zientifikoaren esperientziara eta haren faseetara hurbiltzeko. Arazoa detektatzen, aztertzen eta esperimentuak egiten ikasi zuten, eta horiei esker, hainbat alderdiri buruzko ondorioak atera ahal izan zituzten, hala nola materiari, gainazaleko tentsioari, pisuari… buruzkoak», adierazi zuen Ander Zubizarreta irakasleak, proiektua zuzentzeaz arduratzen denak.

Adituekin solasaldiak

Aurreikus zitekeen bezala, koronabirusak funtsezko zeregina izan du proiektu honetan. Ikasleek birusaren ezaugarriak eta transmititzeko moduak ezagutu dituzte topaketa telematikoetan, ia egunero, internetek eskaintzen dituen aukerak baliatuz. Prebentzioaren arloan ere lan egin dute eta atal honetan, musukoekin lotutako azterketa-eremuak eta gaixotasuna zabaltzeko arriskua gutxitzeko duten garrantzia landu dute. Izan ere, fabrikazioan erabiltzen diren materialen ezaugarriak aztertu dituzte, erabiltzen dituztenen segurtasun maximoa bermatzeko.

Bestalde, Mari Jose Barriola Baraibar,  Tknika-ko Biozientzien eta Jasangarritasunaren arloko zuzendariarekin eztabaidatu eta zalantzak argitu ahal izan dituzte modu telematikoan. Tknika duela aste batzuk komunikabideei aurkeztutako maskararen diseinuaz arduratzen den zentroa da. Bestalde, Wolfratex enpresako arduradunarekin eztabaidatu eta zalantzak argitzeko aukera izan dute baita ere. Enpresa hori Bergaran kokatuta dago, eta urtean zazpi milioi musuko egiteko gaitasuna du. Wolfratex lantegikoen bitartez, beraien lan esparruak eta koronabirusaren pandemia mozteko garatu duten bidea ezagutu ahal izan dute.