Bustutza auzoaren berriztatzean Urdanetako ikasleriaren parte-hartzea

2020-02-13

Duela hilabete batzuk, Ordiziako Udalaren eskutik Bustutza auzoaren eraberritzearen prozesua abian jarri zen. Urdanetako auzoan kokatua egonik, Alkateak, auzoan zer hobetu beharreko hausnarketan Urdaneta ikastetxeko ikasleria ere inplikatu izan zuen. Azkenik, aste honetan, Urdanetako ikasleak Alkatearekin bildu izan dira, aurretik ikasgelan landutako ondorio eta proposamenak berarekin partekatzeko.

Prozesu horretarako, ikastetxean duten ikasleen antolamenduaren egituraz baliatu ziren eta gelako ordezkariei proiektuaren helburuak eta lan markoaren nondik norakoak azaldu dizkiete eta eskola inguruko espazio publikoak behatzen trebatu dituzte. Ondoren, ordezkari bakoitzak bere gelan egindakoa azaldu eta markatutako ibilbidea irakasleekin aztertu dute denen artean. Talde guztietan ateratako emaitzak partekatu eta diagnosi bat osatu dute ordezkari eta proiektuaren arduradunekin batera. Diagnosi hori ordezkariek berriro geletan azaldu eta gero, hobekuntzarako proposamenak jaso eta alkatearekin konpartitu dituzte auzoaren eraberritze proiektuan txertatzeko.

Honen guztiaren helburu, haurrek herriarekiko duten ikuspegia balioan jartzeaz gain, lan kooperatiboaren eta parte hartzearen inguruko esperientzia positiboa izatea da.