Aurkeztu dute Ikastetxe-Klik, Debagoieneko ikastetxeetan energia aurrezpena sustatzeko proiektua

2022-11-24

Energia garbi eta merkeena, kontsumitzen ez dena! lelopean, Ikastetxe-Klik proiektua burutuko da oraingo ikasturtean Debagoieneko hamar ikastetxetan. Debagoiena 2030 ekimenak bultzatuta eta udalek lagundua, energia eraginkortasunaren alorrean lanean dabilen ekoON enpresaren bide-laguntza izango dute ikastetxeek prozesu guztian zehar. Helburua da, ikasturte bukaerarako, proiektuan parte hartuko duten ikastetxeetako eraikinetako energia eta ur kontsumoak murriztea.

Oraingo ikasturte bukaerarako ikastetxeetako eraikinetako energia eta ur kontsumoak murriztea da helburua: horretarako, neurri eraginkorrak proposatu eta praktikara eraman beharko dituzte.
Neurri horien proposamena eta jarraipena egiteko hezkuntza komunitateko kideez osaturiko Energia Taldeak sortuko dira ikastetxeetan. Energia taldean ikastetxeko langileak –izan irakasle, garbitzaile, jantokiko langile…–, gurasoak eta ikasleak egongo dira ordezkatuta. Horrek bultzatuko du murrizketan ez ezik, eskola komunitate osoaren kontzientzietan ere aldaketak eragitea.

Ikasturtean zehar landuko dira, batez ere, ohitura aldaketak eta horiek ahalbidetuko dute energia eta ur kontsumoetan murrizketa handiak. Urte bukaeran ikastetxeek lortuko duten aurrezpenearen %50 bueltatu egingo zaio ikastetxeari eta energia taldeko kideek erabakiko dute diru hori non inbertitu. Gainerako %50 inbertituko da efizientzia neurri berrietan.

Proiektuan parte hartuko duten ikastetxe publikoak hauek dira: Aretxabaletan, Kurtzebarri eskola; Arrasaten, Arrasate herri eskola eta Arrasate institutua; Bergaran, San Martin herri eskola; Elgetan, Elgetako herri eskola; Eskoriatza, Luis Ezeiza herri eskola eta Oñatin, Oñatiko instituta eta herri eskola.