Aretxabaletako ikasleriak Garapen Iraunkorreko Helburuen lanketan jardungo du

2020-12-15

Eskolako Agenda 2030 ekimenaren barruan, iraunkortasunaren bidean pausoak emango dituzte Kurtzebarri LHIko, Kurtzebarri institutuko eta Aretxabaletako Lanbide Eskolako ikasleek.

Nazio Batuen Erakundeak 2015ean aurkeztutako Garapen Iraunkorrerako Helburuak (GIH) izango ditu ardatz ikasturte honetako Aretxabaletako Eskolako Agenda 2030ek. Ekimen horri esker, ikasleek garapen iraunkorraren kontzeptua landuko dute eta iraunkortasunaren bidean aurrera egiteko urratsak emango dituzte. Besteak beste, herriak zein errealitate bizi duen aztertuko dute eta nola bermatu daitekeen Aretxabaleta iraunkorra izatea.

Ikastetxe iraunkorrak, “herri iraunkor bat” lelopean, GIH-en testuinguruan zehaztutako 17+1 helburuak izango dituzte jomugan. 11. helburuari arreta berezia eskainiko diote, egoera berritik, “iraunkortasunera” goiburuarekin, hobekuntzak bilatzen saiatuko dira, etorkizuneko belaunaldien bizirautea ziurtatzeko asmoz.

Ikasle talde bakoitzak dagokion mailari egokitutako azterketa egingo du. Hori horrela, guztien artean herriaren diagnostiko osoa osatuko dute.