50. urteurrenaren ospakizuna dela eta, Fleming herri eskolaren Azoka pedagogikoa
2020-01-21
Pasa den larunbatean, 50. urteurrena dela eta, Villabonako Fleming Herri eskolako ikasleek azoka pedagogikoa ospatu zuten Malkar plazan. Eskolan egunerokoan erabiltzen dituzten proiektuak 5 gune hauetan aurkeztu dituzte: xakea, hizkuntza, robotika, matematika manipulatiboa eta Haur Hezkuntzako guneak.
Ikasturte honetan badago zer ospatzeko Fleming Herri Eskolan, izan ere, 50.urteurrena ospatzen ari da! 50 urte bete dira eskolak izen hau hartu zuenetik eta egia esan nahiko bitxia da izendapen honen arrazoia. Garai hartan, Gerra Zibilean aritutako irakasle bat hontara joan zen eskolak ematera eta dirudienez, hanka galtzeko zorian izan zen gudu zelaian izandako zauri baten ondorioz. Ba al dakizu nola bukatu zen istorio hau? Bada Alexander Fleming zientzialari ospetsuak aurkitutako penizilinari esker hanka mantentzea lortu zuen eta Amasa-Villabonara lanera joan zenean, eskolari zientzialariaren izena jartzea proposatu zuen. Ikusten duzuenez, proposamena onartua izan zen.
Aipatutako moduan, 50 urte pasa dira ordu ezkeroztik eta ez dira gutxi izan denbora honetan eskolak bizi izan dituen aldaketak. Sexu ezberdineko ikasleak elkartu berri zituen A ereduko ikastetxe bat izatetik gaur egun herritar ugari euskalduntzen ari den eskola publiko eta inklusiboa bihurtzeraino. Eta non dagoen gakoa? Une oro, herriak dituen beharretara egokitzen jakitean, denona eta denontzat den hezkuntza eskaintza eginez.
Gaur egun, eskola hau komunitate bat da. 50 urte hauetan eskolako kide izandako guztion artean osatu da momentu honetan eskola hau dena eta horretan lanean ilusioz jarraitzen dute. Horrela islatu nahi izan dute bertan erakusten den argazki koloretsu honetan. Horrelakoa baita denon artean osatzen duten Fleming Herri Eskola: koloretsua, alaia, anitza, doakoa, euskalduna….