Zumaiak gune berrituak inauguratu ditu Herri Eskolan
2024-11-11
Zumaiako Udalak Aita Mari eraikinaren lehen solairua berritzeko lanak amaitu ditu herriko Herri Eskolan, eta dagoeneko erabiltzen dute espazio hori. Proiektu hau Udalaren, eskolaren eta Guraso Elkartearen arteko elkarlanaren emaitza da, ikasleen beharretara egokitutako espazio bat sortzeko.
Diseinu berri hau Herri Eskolako zuzendaritzarekin eta Guraso Elkartearekin elkarlanean garatu da. Horiek horrela, Udala eta hezkuntza-komunitatea eskuz esku aritu dira ikasleen beharrei erantzungo dien heziketa-eremu egokitua sortzeko.
Eraberritze-proiektuaren ardatza eraikinaren lehen solairua izan da, gaur egun Lehen Hezkuntzako lehen zikloa dagoen tokia; eremu hori egungo diseinu-kanonetara egokitu da, heziketa-eremu atseginagoa sortzeko, eta dagoeneko martxan zegoen mugimendu librearen metodologian sakontzeko.
Barne-antolaketari dagokionez, bere horretan mantendu da orain arteko 4-4 ikasgelen eskema: eraikinaren hegoaldean 3-4 urteko haurrentzako lau gela daude, eta iparraldean 4-5 urteko haurrentzako beste lau. Ikasgela bakoitzak ikasgai espezifiko bat barnebiltzen du: matematika eta zenbakiak; zientziak eta natura; espazio artistikoa; eta, hizkuntzak. Antolaketa horri esker, haurrak espazioan mugitzen dira, esplorazioa eta zirkulazio askea sustatuz, eta horrek ikaskuntza aktiboagoa eta integratuagoa egiten laguntzen du. Eraberritzearekin, espazio malguagoa eta funtzionalagoa izango da.
Gainera, eraikinaren isolamentu termikoa zein akustikoa hobetzeko, eta, energia eraginkortasuna handitzeko, fatxada osoa estradosatuko da; instalazio elektrikoa ere erabat aldatuko da, eraikinaren energia-kontsumoa murrizteko.
Argazkiak: Eitzen Estudioa (Aprea Foto)