‘Zumaia lehen eta orain’ erakusketa, Herri Eskolako eta Oikiako ikasleen eskutik

2021-05-07

‘Zumaia Ezagutzen’ proiektuaren barruan, aurten ere Argazki Rallyan parte hartu dute Zumaiako Herri Eskolako eta Oikiako eskolako ikasleek.

Guztira 140 ikasle aritu dira aurten, eta ariketa berezi bat izan dute esku artean: Zumaian ateratako hainbat argazki zahar bildu, irudietan ageri diren lekuak identifikatu eta toki horietara jo dute, aldaketarik izan ote den ikusteko. Leku horietan, noski, argazki berriak egin dituzte gaztetxoek, eta alderaketa hori islatzea lortu dute irudi bidez.

Ariketa horren emaitza da ‘Zumaia lehen eta orain’ erakusketa kolektiboa. Hain zuzen, ikasleek ateratako argazki guztiak bildu eta, boto bidez, irudi zaharrean eta berrian ikuspuntu antzekoena mantentzen duten argazki bikoteak hautatu dituzte, hamaika konparaketa egiteko aukerari bide eginez. Alondegian dago ikusgai bilduma osoa.

Argazki Rallyan eta erakusketaren sorkuntza prozesuan, gainera, beste hainbat gai landu dituzte ikasleek. Besteak beste, “garai bateko zumaiarren bizimodua nolakoa zen ikusi” dute irudi zaharren bidez, eta “Zumaiako hitz bereziak” nahiz herriko hainbat pertsona famatu ezagutzeko aukera ere izan dute.