Urdaneta eskola ‘Ongi etorri eskolara’ programarekin bat, kulturarteko harremanak sustatzeko Ordizian

2020-11-11

Iazko esperientzia hain ona izanik, ʽOngi Etorri Eskolara’ proiektua berriz ere Ordizian garatuko da. Kultura arteko eredu pedagogikotik, eskola komunitate osoaren inplikazioaren bidez, eskolan aniztasun kulturala eta honek sortzen dituen abantailak lantzeko egitasmoa da. “Iazko kasuan, Familia Laguna programan 40 familiek, 20 bikotek, parte hartu zuten. Aurten, berriz, bizipena errepikatzeko 37 familia animatu dira”.

“Ongi etorri eskolara” proiektuak Urdaneta Eskolan kulturartekotasuna lantzen du. Eskola osatzen duten kultura guztiak ahaldunduz, jatorria beste herrialde batean duten kulturetako familiak euskarara eta euskal kulturara gerturatuz. Horretarako, ikasle, irakasle, irakasle ez diren langileekin eta familiekin lan egiten da. Azken hauek izaten dira gehienetan eskolan kulturartekotasuna lantzen denean, lanketa honetatik at geratzen direnak, baina aldi berean, hezkuntza prozesua eta bizikidetza lantzeko nahitaezko parte dira. Familiekin egiten den esku-hartzeak, eskolan aurrera eramaten den kulturarteko esku-hartze eta sentsibilizazioa eremu komunitariora zabaltzea dakar, auzoetan, udalerrietan edo/eta hirietan.

Ongi Etorri Eskolara” proiektuaren barruan gauzatzen den programetako bat “FAMILIA LAGUNA” programa da. Honek, eskolan matrikulatzen diren beste herrialde batzuetako familia emigratuak, adin bereko seme-alabak dituzten familia euskaldun boluntarioekin harremanetan jartzen ditu. Familia hauek, konfiantzazko harreman bat eraikitzeko boluntario aurkezten dira, gizarte eta hezkuntza arloko ibilbidea egiten ahalbidetuko diena, ondorengo alderdiei dagokienez: ikastetxeko informazioa, auzoko eta udalerriko baliabideak, familia etorri berriaren sare sozialak zabaltzea eta haiek euskarara hurbiltzea, eskolan eta komunitatean aukera-berdintasunaren bideratzaile gisa.