Tolosako Samaniegoko ikasleak Oria ibaiaren garbiketan parte hartzen dute

2021-03-31

Martxoaren 22ko Uraren Nazioarteko Eguna zela eta, Tolosako Udalak, Ingurumen Zentroarekin lankidetzan, Oria ibaia garbitzeko lanak egin zituen joan den astean, udalerriko ikasleekin lankidetzan; besteak beste, Samaniego ikastetxeko ikasleekin. Garbiketa bi goizetan egin zen, eta, guztira DBH 2. eta 3. mailako 210 ikaslek hartu zuten parte, udal teknikarien laguntzarekin.

Ikasleekin egindako garbiketak irisgarriak ziren hiru puntuetan egin ziren: Santa Maria elizaren atzealdean, SAM zubiaren eta Berazubiko zubiaren artean, eta Usabal kiroldegiaren inguruan.

Garbiketak egin diren guneen arabera, bildutako hondakin mota ezberdina izan da. Plastikoaz gainera, beste hondakin batzuk ere aurkitu dira; hala nola, latak, beira, oihalak, arropa, aterkiak, pneumatikoak, hesi bat, bizikleta bat, kamerak, burnizko elementuak eta bi patinete, besteak beste.

Udalak garbiketako materiala, eskularruak eta poltsak, ipini zituen eskuragarri egitasmoan parte hartu zuen ororentzat, eta jasotako hondakin guztiak zaku handietan bildu ziren ondoren garbiketa zerbitzuak jaso ahal izateko.

Tolosako Udalak adierazi duenez, datozen egunetan beste eragile batzuekin jarraituko du ibaiaren garbiketa egiten; besteak beste, arrantzale taldearekin eta lehendik kontratatutako zerbitzuen bitartez. Era berean, aurreratu du urrian beste garbiketa bat ere egingo dela adin bereko beste ehun inguru ikaslerekin.