Tolosako Samaniego eskolak Altxa burua! egitasmoan parte hartu du

2023-10-05

«Gurea erabil dezakezu»: Altxa Burua! gurasoen elkarteak, besteak beste, Samaniego eskola publikoko gurasoak, biltzen dituena, ekimen aitzindari bat jarri du abian Tolosan, telefono mugikorra erabiltzeko beharra gutxitzeko.

Gaztetxoek denda eta udal-eraikinetako telefonotik deitu ahal izango dute, behar dutenean, mugikor bat erabili edo gainean eramateko beharra gutxitzeko eta mugikorra edukitzeko adina atzeratzeko.

Duela bi urte sortu zen Altxa Burua! eta haren helburu nagusia da telefono mugikor bat edukitzearen presio soziala adingabeengan murriztea. 2021eko abenduaren amaieran hasi ziren biltzen gaiari buruz hausnartzeko, eta joan den ikasturtean hainbat informazio-hitzaldi antolatu zituzten Udalaren laguntzarekin.

Horretarako, ekimenarekin bat eginez, Tolosako Udalak pegatina identifikagarriak diseinatu ditu, eraikin publikoetan eta proiektuarekin bat egin duten Tolosa&Co elkarteko saltokietako erakusleihoetan jartzeko. Modu horretara, nerabeek ere erraz identifikatu ahal izango dituzte saltoki horiek.

Hori dela eta, datozen urratsen artean tabernak, jatetxeak, liburutegiak, kiroldegiak eta bestelako zerbitzuen inplikazioa lortu nahi du elkarteak, ekimenari zein gaur egungo gurasoen kezka nagusi honi oihartzuna eman eta indarrak batuta, teknologia berritzaile hauen erabilera arduratsua sustatzeko.