Samaniegoko eskolan haurren, nerabeen eta gazteen aisialdiari buruzko hausnarketa egingo dute
2023-11-10
Tolosako Udalak haurren ekarpenak jasoko ditu aurten ere, Haurren Hiria proiektuaren bitartez. 2023-2024 ikasturtean abian jarriko da proiektuaren hamargarren edizioa, eta Samaniego ikastetxeko 8 eta 12 urte bitarteko ikasleek hartuko dute parte, besteak beste.
Aurten haur, nerabe eta gazteen aisialdiaren inguruan hausnartuko dute ikasturtean zehar egingo dituzten saioetan. Hala, haurren iritzia etorkizuneko erronkei aurre egiteko baliatuko da, izan ere Tolosako Udalak azaldu duenez, sustatzen dituen foro eta batzarretan, behin eta berriz atera da haur, nerabe eta gazteen aisialdiaren inguruko hausnarketa egitearen beharra.
Proiektuan parte hartu nahi duten haurrek izena emateko aukera dute, azaroaren 14ra arte. Izena emateko argibideak ikastetxeko zirkularraren bitartez banatu dituzte. Honela, aniztasuna kontuan izanik (adina, jatorria, generoa, ikastetxea eta bizitokia) Haurren Kontseilua izendatuko dute.
Haurren Kontseiluarekin lau lan-saio bideratuko dituzte, ostiraletan eta eskola ordutan, goiz osoko iraupenarekin. Lehen saioa abenduaren 15ean izango da, bigarrena urtarrilaren 19an, hirugarrena martxoaren 22an eta laugarrena maiatzaren 3an. Saio guztiak Tolosako kultur etxean egingo dituzte eta adituak diren profesionalen laguntzarekin, aisialdirako aukerak aztertu eta hobekuntza proposamenak landuko dituzte. Honek gaiaren inguruan hausnartu, deliberatu eta Tolosako Udalari ekarpenak egiten lagunduko die.
Haurren ekarpenak alkateari eta gainontzeko udal ordezkariei aurkezteko Mintza Txokoa izeneko saioa ospatuko da Tolosako udaletxean. Gainera, haur ordezkarien familiekin bi jarraipen bilera egingo dituzte, azaroan eta maiatzean. Halaber, Haurren Kontseiluan parte hartzen duten ordezkariek gainontzeko gelakideei proiektuaren berri emateko bideak erraztuko dira. Azkenik, herritarrek proiektuaren jarraipena egiteko aukera izango dute http://labur.eus/tolosakoaisialdia webgunearen bitartez. Bertan, unean uneko informazioa eskainiko dute ikasturtean zehar, baita izena emateko aukera ere.