“Oporretan Euskaraz” udalekuetan parte hartzeko azken plazak

2020-06-22

Urtero bezala, aurten ere Donostiako Udalak Euskara Zerbitzuen bidez antolatzen dituen Oporretan Euskaraz udaleku irekietan izena emateko aukera dago oraindik. Horregatik, interesa izanez gero, komeni da ahalik eta azkarren izena ematea online edota harremanetan jartzea Udaleko Euskara Zerbitzuarekin (udala_euskara@donostia.eus / 943483750 – 943453334).

Udaleko Euskara Zerbitzuak esperientzia zabala dauka udaleku hauen antolakuntzan, 25 urtetik gora hain zuzen ere. Haurrek ongi pasatzeaz gain, Euskararen normalizazioan eragiteko tresna baliagarria dira udalekuak, euskara lantzeko eta erabiltzeko helburua ondo betetzen dutelako. Gainera, Donostiak eskaintzen dituen jolas eta aisiarako aukerak baliatzen dituzte.

Covid 19 pandemia dela eta, udalekuak ere egoera berrira egokitu behar izan dira. Horregatik, Udaleko Euskara Zerbitzuak baldintza batzuk aldatzea ekarri du, eta horien artean dira besteak beste:

  • Tenperatura hartzea
  • Eskuak garbitzea
  • Distantzia soziala mantentzea
  • Neurri berrira egokituriko jokoak eta jarduerak antolatzea

Lehen hezkuntzako ikasleak goizez (7-12 urte)

2020ko uztailaren 1etik 30era antolatuko diren udaleku irekietan 2008tik 2013ra bitartean jaiotako haur donostiarrei zuzendua izango da (bi urteak barne). Taldeak 8-9 haurrez osatuko dira gehienez. Guztira ia 600 haurrek parte hartuko dute, eta hurrengo baldintzekin banatuko dira:

  • Hizkuntza eredua
  • Jaiotze urtea
  • Jasotze puntua

Udalekuak orokorrean eskola eremuan antolatuko dira, nahiz eta baimenduta egonez gero irteerak antolatuko dira segurtasun neurriak hartuta. Hiriko zenbait auzotako 8 eskoletan antolatuko dira aurtengo udalekuak eta lau orduko iraupena izango dute: 09:00/09:30etik 13:00/13:30era. Sarrera mailakatua izango da atarietan pilaketak saiheste aldera.

Informazio gehiagorako:

  • Telefonoa: 010 / 943 483750/ 943 453334
  • Emaila: udala_euskara@donostia.eus
  • www.donostiaeuskaraz.eus