Lekueder izan da Elgoibarko eskola publikoko ikasle gazteen zientzia eta teknologia proiektuen topagunea

2023-05-29

Elgoibarko eskola publikoko ikasleek zientziaren eta teknologiaren arloan lantzen dituzten proiektuen topagune eta erakusleiho izan da gaur, bigarren urtez jarraian, Lekueder parkea.

Askotariko 38 postu egon dira Elgoibarko Zientzia Azokaren bigarren ekitaldian: Elgoibarko ikastetxeetako ikasleen proiektuekin eta Bizilabe ekimenean parte hartzen duten haurren steam proiektuak erakusteko postuak, robotika ikastaroko ikasleen lanen postuak, stand profesionalak eta Lanbide heziketako ikastetxeen eta unibertsitateen postuak ere egongo dira azokan.

Jende ugari ibili da Lekuederren ipinia zuten karpan eta inguruetan. Ikasleek euren steam proiektuen inguruko azalpenak eman dizkiete azokara gerturatu diren herritarrei, eta erakutsi ere bai, esperimentuen bidez, sortu dituzten robotak martxan jarriz, … eta ikusmin handia piztu duen ur-suziri bat ere aireratu dute.

Ikusi eta ikasteaz gainera, parte hartu eta gauzak probatzeko aukera eman duen azoka izan da. Izan ere, umeek bizipen zientifiko zortzi tailerretan parte hartzeko aukera izan dute.

Elgoibarko Udalak eskola umeek zientziaren eta teknologiaren arloan lantzen dituzten proiektuak herriari erakusteko antolatu du Zientzia Azoka, eta baita ere, zientziarekin, teknologiarekin eta berrikuntzarekin lotutako balioak sustatzeko eta “kultura zientifikoa handitzeko”.