Getariako Udalak Iturzaeta ikastetxe publikoaren teilatuan eguzki-panelak jarri ditu
2022-09-28
Getariako Udalak Iturzeta eskola publikoan eguzki-panelak jarri ditu. 2022ko aurrekontuetan “klima-aldaketaren aurkako borrokan” energia-trantsizioko zenbait proiektu aurreikusi ziren. Horien artean, uda honetan Iturzaeta ikastetxe publikoan egin diren bi obrak, Udalaren autokontsumorako eguzki-instalazio fotovoltaikoa eta ikastetxeko argiteria guztia LED sistemekin aldatzea aurki ditzakegu.
Udalak azpimarratu du eskualdean Getaria aitzindaria izan dela era honetako proiektua gauzatzen: “Eskualdean, Getaria da horrelako instalazioak ezartzen dituen lehen herria; hain zuzen ere, Iturzaeta herri eskolan ezarri diren plaka fotovoltaikoekin, udalak kontsumitzen duen energiaren %27 sortzea aurreikusten du”.
Eskolako argiteria guztia aldatzeak eta LED sistemara egokitzeak 51.425 euroko kostua ekarri du eta inbertsioa zazpi urtean amortizatzea aurreikusten da. 30 urtean plakek sortuko duten energiari esker, Udalak 230.000 euro inguru aurreztuko dituela kalkulatzen da.