“Gasteizko Eskolen Sukaldeak” sortu da berezko sukaldeak dituzten jantokien eredu berri bat bultzatzeko
2025-11-20
Gasteizko ikastetxe publikoetako hogei guraso-elkarte baino gehiagotako ordezkariek Gasteizko Eskolen Sukaldeak plataforma eratu dute, eskola-jantokien egungo eredua sistema osasungarriago, jasangarriago eta hezitzaileago baterantz eraldatu nahi duen herri-ekimena, ikastetxeetako sukaldeetan oinarritua.
Plataforma Denon Eskola Guraso Elkarteen Federazioaren eta hainbat eskola-komunitateren parte-hartzearekin sortu da eta bertako kideek modu koordinatuan lan egiten dute tokiko produktuak, elikadura hezkuntza eta ikastetxeen autonomia lehenetsiko dituen eskola-elikadura eredu bat aldarrikatzeko.
“Gure seme-alabak erdigunean jarriko dituen eredu bat nahi dugu, kalitatezko janaria eta lurraldean errotuta egotea bermatuko duena, eta langile nahikoak eta orientazio pedagogikoa izango dituen zaintza-zerbitzu bat, Hezkuntza Legeak agintzen duen bezala”, adierazi du Aitorrek, Ramón Bajo HLHIko ordezkari eta plataformako komunikazio-taldeko kideak.
Helburuak eta lan-ildo garrantzitsuenen artea honakoak daude:
- Eskola publikoetako jantokietan sukaldeen eredu propio bateranzko aldaketa sustatzea. Eguerdiko hezkuntza-proiektua hobetzea, elikadura ikaskuntzaren zati gisa txertatuz.
- Sistema bidezkoagoa, iraunkorragoa eta komunitarioagoa sustatzea, administrazioekin eta familiekin lankidetzan.
- Jantoki-zerbitzuaren egungo kudeaketaren jarraipen gardena ziurtatzea.
Benetako aldaketa baterantz
Plataforma horren sorrera bat dator egungo jantoki-zerbitzuaren kontratua laster amaitzearekin (2026ko ekaina), eta horrek aukera ematen du eredua berriz pentsatzeko. “Gasteizko Eskolen Sukaldeak” plataformak gogorarazi du Eusko Legebiltzarrak aho batez onartu zuela akordio bat 2019ko urrian. Akordio horretan zera adostu zen, Eusko Jaurlaritzari “sukaldeak eraiki ditzala hala eskatzen duten ikastetxeetan, ikastetxe horiek erabaki dezaten zer jantoki-zerbitzu mota izan nahi duten” eta konpromiso hori gauzatzeko eskatzen da orain.
Horretaz gain, plataformak azaroaren 27rako eskola bakoitzean elkarretaratze bat egiteko deialdia zabaldu du. Familia guztiak aldarrikapen bateratua izango dute egun berean eskola guztietarako: “Jantoki eredu honi EZ: gertuko sukaldeak eta ratioak jaitsi“.
Plataformak animatzen ditu hezkuntza-komunitate, guraso-elkarte eta ikastetxe publikoetako familia guztiak ekimenarekin bat egitera, ideiak ekartzera eta hurrengo ekintza eta mobilizazioetan parte hartzera. Horretako Gasteizko.Eskolen.Sukaldeak@gmail.com helbidea sortu dute.
