Eskola jasangarriaren ziurtagiria Errekalde Herri Eskolarako

2022-06-09

Oñatiko Errekalde Herri Eskolak jasangarritasunaren eta ingurumenaren alde orain arte egindako lanagatik, eskola jasangarriaren ziurtagiria jaso du.

Lehendakariaren eskutik jaso zuten ziurtagiria hilaren 7an, Busturiako Madariaga dorretxean. Ziurtagiria jasotzera eskolako bi kide joan ziren; Lorea Jimenez, ikastetxeko zuzendaria eta Aintzane Agirre, ikasketa burua.

Euskadiko 31 ikastetxek jaso dute “Eskola Jasangarria” ziurtagiria. Ziurtagiria jaso duten ikastetxeak IRAES 21 jasangarritasunaren aldeko eskola-sarean daude, eta bertan batera bultzatzen dute irakasleek, ikasleek, irakasle ez diren langileek eta familiek jasangarritasunerako hezkuntza.

Ikasturtean zehar auditoretza bat gainditu dute, berrikuntzaren, kalitatearen eta ingurumenarekiko konpromisoaren alde egin duten apustuagatik saritzen dutena.

Saritutako 31 ikastetxeetatik 10 Gipuzkoakoak dira: Aretxabaleta, Azkoitia, Beasain, Donostia, Irun, Legazpi, Oiartzun, Oñati, Tolosa, Zarautz.