Donostiako Arantzazuko Amako ikasleak, boluntariotzan murgilduta

2022-12-02

Datorren astelehenean, abenduaren 5ean, Boluntariotzaren Nazioarteko Eguna dela eta, Donostiako Arantzazuko Ama Institutuak euren boluntariotza lanak jendarteratu nahi ditu: “Egungo gizartean, gazteen ekimen eta jarrera solidarioei oihartzuna eman behar zaiela pentsatzen dugu. Horregatik, abenduaren 5a hartuta, egunak merezi duen aipamena egin eta gure gazteen eginahal solidarioa agerian uztea garrantzitsua dela deritzogu”.

Esparru akademikoaz haratago, gazteengan begirada aktiboa, inklusiboa eta solidarioa sustatu nahi du Donostiako Arantzazuko Ama ikastetxeak. CAS (Sormena, Ekintza eta Zerbitzua hitzen gaztelerazko siglak) irakasgaian du oinarria. “Gazteak kontzienteki bizi daitezen, pentsamendu eta irizpide kritikoa izan ditzaten, eta gizartean aktiboki jardun dezaten nahi dugu” dio Idoia Altunak, irakasgaiko koordinatzaileak.

Ikasturteak irauten duen 10 hilabetetan zehar, ikasleak hainbat esperientzia eta proiektutan murgiltzen dira. Esparru sozial desberdinetan aritzen dira eta sentsibilizazio lana ezinbestekoa da hasteko: “Ez da besterik gabe egitea, ez da merezimendu kontua. Ingurua ikusteko gaitasuna garatu behar da, arrotzak ez diren errealitate horiek behatu, ulertu, nondik datozen ezagutu, aurreiritziak gainditu, eta aktiboki jarduteko gogoa piztu”.