Sailburuari gardentasuna eta negoziazioa eskatzen diogu sare publikoarekin

2022-06-28

Datozen urteetarako ikastetxe pribatuetan hezkuntza-itunak berritzea eta sinatzea arautzen duen agindua argitaratu ondoren, Hezkuntza Sailak egindako ofiziozko plangintzaren berri izan gabe, EHIGEk adierazi nahi du oso kezkatuta dagoela agindu horretan jasotako edukiarekin eta helburuekin.

  • Ez da argitaratu Hezkuntza-administrazioak ofizioz egindako plangintza, eta ikastetxe pribatuen eta horien patronalen esku baino ez dago. Gogoratu behar da ikastetxe pribatu-itunduen plangintza planifikazio orokorraren zati bat dela, eta ikastetxe publikoen hezkuntza-eskaintza modu erabakigarrian baldintzatzen duela. Beste behin ere errefusatu egiten dugu patronal pribatuekin negoziatzeko praktika, sare publikoaren ezkutuan. Hezkuntzako kontseilariari gardentasuna eta sare publikoko eskola-komunitateen ordezkariekin negoziatzea eskatzen diogu.
  • Hezkuntza-itunak berritzeko eta izenpetzeko agindua sei urterako planteatu da, aipatu gabe plangintza hori bi hirurtekotan banatuko denik, Hezkuntza Akordioan jaso den bezala. Gogoratu behar da aurreko sei urtekoaren plangintza ikastetxe pribatu eta itunduen aldeko gaineskaintzak eta jaiotza-tasaren beherakadak eragindako doikuntzarik ezak markatu dutela. Plangintza berriak egoera hori birbideratzen ez badu eta eskaintza pribatuaren ezarpen handiagoa sustatzen badu, Hezkuntza Saileko hezkuntza-politikaren norabideak ez du sinesgarritasunik izango.
  • Ikastetxe pribatu-itunduetan 2 urteko ikasgelak ituntzea jaso da aginduan. Ikasgela horiek ituntzea ez dago legean jasota, eta ez da Hezkuntza Akordioaren eztabaidaren parte izan; beraz, bereziki larria da Hezkuntza Sailak, agindu baten bidez, garrantzi handiko aldaketa bat sartzea inolako adostasunik gabe. Bildarratz sailburuari galdetu beharko litzaioke ea zertarako behar duen akordio bat, baldin eta gero alde bakarreko aldaketak sartzen baditu, inor kontuan hartu gabe.
  • Jaiotza-tasaren jaitsierak ikaspostuen eskaintza berrantolatzea eta doitzea eskatzen du. Zalantzarik gabe ikaspostu gutxiago beharko dira. Agindu honek planteatzen duena da itundutako sarearen gutxieneko ratioa jaistea ikasgela osatzeko (horrek ez du inolako justifikazio pedagogikorik), ituntze-maila pribatu bera edo antzekoa izaten jarraitzeko. Ez da onargarria gastu publiko berari eustea itunak egiteko, ikasle gutxiago dagoenean eskolatzeko. Neurri hori ez da inola ere justifikatzen, asmoa ez baldin bada behintzat itunpeko ikastetxeak faboratzea egun duten ituntze maila mantenduz. Ikastetxe pribatuen ezkutuko erreskate ekonomikoa eta interes publikoentzako kaltegarria den neurria litzateke hau. Ikaspostu gutxiago behar badira, ikaspostu gutxiago kontzertatu behar dira, egungo gutxieneko ratioei eutsiz.
  • EHIGEk agindu horren norainokoaren eta ondorioen balorazio zehatza egingo du, itunpeko ikastetxeek datozen urteetarako izango duten plangintzaren berri izan ondoren.

Deskargatu prentsa-oharra PDF formatuan.