Euskal Eskola Publikoaren sarearen indarra agerian utzi du Santurtzik
2026-06-10
Milaka lagun hurbildu ziren igandean Santurtzira Euskal Eskola Publikoaren 33. Jaia ospatzera “Ehunetan“ lelopean.
Casa Torre Jauregian egin zen hasiera-ekitaldi ofiziala, Lorea Martinez Santurtziko IGEen ordezkariak aurkeztuta. Maitia koralak eman zion hasiera ekitaldiari, bi kantu eta “Ehunetan” abestiarekin. Susana Aribayos EHIGEko presidenteak hartu zuen hasierako hitza. Euskara, euskal kultura eta euskal gizartea gure hezkuntza-proiektu propio eta sozialaren lehentasunezko ardatz estrategikoak direla, eta horrek hezkuntza-eredurik inklusiboena eta euskaldunduena bihurtu gaituela azpimarratu zuen Aribayosek, besteak beste. Ondoren, Idoia Setien eta Sarai Campelok hartu zuten hitza, Santurtziko eskola publikoen guraso-elkarteen ordezkariak. Gero, agintarien txanda izan zen, Itziar Carrocera Santurtziko alkatearena, Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuarena, eta Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusiarena, hain zuzen ere.
Ondoren, Santurtziko ikastetxe publikoei eta Udalari koadro bana eman zitzaien, urte honetako lana eskertzeko eta Euskal Eskola Publikoaren defentsarako bidean parte hartu izana eskertzeko.
Gonbidatuen artean egon ziren, besteak beste, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputatua eta Euskara zuzendaria, Santurtziko Udaleko alderdietako zinegotziak, Hezkuntza saileko ordezkariak ere bertan egon ziren, EHUko errektore ordeak, Euskadiko Eskola Kontseiluko presidentea, legebiltzarkideak, alderdi politikoetako eta sindikatuetako ordezkariak, Ikaslan, HEIZE, Kontseilua, AEK eta Santurtziko ikastetxe publikoetako zuzendaritza eta guraso-elkarteak.
Lau gune eta kale animazioa
Eguraldia lagun, Santurtziko erdigunea familia giroan gozatzeko jardueraz bete zen. Festaren lau guneak jendez gainezka egon ziren tailer, kontzertu, ekintza eta jolasez gozatuz. Gainera, kaleko ekintzek giro ona bermatu zuten egun osoan zehar.
Santurtziko eskola publikoaren sareak merezitako aitortza jaso du, urteetako ahalegin kolektiboen ondoren. Eskerrik asko Santurtziri, babesleei eta igandean Jaian parte hartu zuten boluntario guztiei. Jarrai dezagun Euskal Eskola Publikoa elkarrekin eraikitzen.
Ehunetan!





