Ezagutu Euskal Eskola Publikoaren 33. Jaiaren egitaraua!

2026-06-02

Ekainaren 7an Santurtzin ospatuko den Euskal Eskola Publikoaren 33. Jaiak «Ehunetan» leloa izango du. Bizkaiko herriak kultura-jardueraz, musikaz, familia osoarentzako ikuskizunez, tailerrez eta topagunez beteriko eguna hartuko du, Euskal Eskola Publikoa aldarrikatu eta ospatzeko.

Jaiak lau gune nagusi izango ditu, eta horiez gain, jarduera ibiltari ugari izango dira Santurtziko kaleak egun osoan jai-giroz betetzeko.

Las Viñas Eskola

Las Viñas Eskola izango da Jaiaren gune nagusietako bat. 11:00etan izango da lehenengo ekintza eskolan, Loa eta Laiaren emanaldia. 13:00etan Eidaberen eskutik Sardina freskue antzerki musikala izango da eta 16:00etan Go!azenen kontzertuaz gozatzeko aukera izango dugu EITBri esker, familia osoari zuzendutako ikuskizuna.

Gernika parkea

Gernika parkean herri bazkaria eta musika uztartuko dira. Bertan izango da herri bazkarirako gunea, Hazi-Eusko Label eta I Love Paellaren eskutik. Bazkarirako txartelak Gernika parkean bertan erosi ahal izango dira. Eszenatokian, 13:30ean Deiedra Rebel Folk taldearen kontzertua izango da eta 15:00etan Bion Proyect taldearena.

Parke Nagusia

Parke Nagusian adin guztietarako jarduera ugari izango dira egun osoan zehar. Familiek PAIren jolas kooperatiboez, Jokairen jolas mitologikoez, Makusi guneaz eta Athletic Fundazioaren puzgarriez gozatu ahal izango dute. Horrez gain, Santurtzi FParen eskutik karakterizazio eta xaboi tailerrak izango dira, eta Mustaren perkusio tailerra ere bai egongo da parkean.

BERRIA gunea ere izango da bertan, eta Asier Kidamen gertuko magia egongo da. Halaber, Aukea Artisautza Elkartea, ingurumenaren inguruko sentsibilizazioa sustatuko duen Klima Azoka, Ikasbi eta Jaiaren informazio eta material salmentarako gunea izango dira Parke Nagusian.

Portua

Portua izango da Jaiaren topagune nagusietako beste bat. Eszenatoki nagusian, 12:30ean Porrotx, Marimotots, Pupu eta Lore igoko dira oholtzara Zerua lapurtu dute ikuskizunarekin. Arratsaldean, berriz, 17:00etan NAZ taldearen kontzertua izango da eta 18:30ean Tapia eta Leturiarena.

Gainera, egun osoan zehar hainbat jardueraz gozatzeko aukera izango da: EROSKIren Elikadura Eskola gunea, herri kirol erakustaldiak, Euskal Eskola Publikoaz Harro gunea, Kaiku Baserri Txokoa, BBK jolasaren proposamen ludikoa eta Santurtzi Itsas Museoa. Azken horrek ateak irekita izango ditu 10:00etatik 15:00etara, eta doako bisitak eskainiko ditu.

Kale animazioa

Ohikoa den bezala, Jaiak gune nagusietatik harago ere zabalduko du bere eskaintza, jarduera ibiltariei esker. Santurtziko kaleetan Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak antolatutako kalejira izango da, Reperkusion feminista batukadak lagunduta.

Horrez gain, Txeroki, Orkestra eta Santurtziko abesbatzak ere izango dira giroa alaitzen: Bihotz Gaztea Kantu Taldea, Santurtzi Kantari eta Maitia Korala. Bestalde, hainbat gizarte-eragilek ere parte hartuko dute, hala nola GKEen Koordinakundeak eta Euskal Herrian Euskaraz.

Euskal Eskola Publikoa ospatzeko jaia

Euskal Eskola Publikoaren Jaiak milaka lagun elkartuko ditu berriro ere jai-giroan, parte-hartzean eta aldarrikapenean oinarritutako egun berezi batean. Musikak, kulturak, gastronomiak, jolasek eta adin guztietarako jarduerek, euskalduna, berritzailea eta inklusiboa den eskola publikoaren balioa azpimarratuko dute.

Ekainaren 7an denok Santurtzira!

Deskargatu egitaraua PDF formatuan.