Apirilaren 3an agerraldia egin dugu Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean gure iritzia emateko eskola-jantokiei buruz. Hemen duzue aurkeztu genuen dokumentua:

EGUNGO EGOERA

2000. urtetik catering enpresek kudeatzen dituzte EAE-ko ikastetxe publikoetako jantokiak “kudeaketa zuzena” izeneko kudeaketa ereduaren bitartez. Lau urtetik behin Hezkuntza sailak lizitazioa egiten du (gutxi barru argitaratuko dira baldintza-agiri berriak). Egun, bost enpresek kudeatzen dituzte 500 jantoki inguru. Enpresek aukeratzen dituzte sortetan sailkatzen dira ikastetxe multzoak. Sukaldea duten ikastetxeetara lehengaia eramaten dute enpresa hauek eta sukalde zentraletan prestatutako menuak ez dutenetara.

Ikastetxeen herenak du sukaldea, besteak office-a dute eta prestatutako janaria hotzean edo beroan iristen zaie.

Salbuespenak:

·Arauditik kanpo dauden ikastetxeak: Larrabetzu LHI , Altzaga-Leioa LHI eta Deustuko ikastola, besteak beste. Ikastetxe hauek “zigortuta” daude eta ez dute diru-laguntzarik jasotzen, “kudeaketa zuzeneko” ikastetxeak ez bezala. Guraso Elkartea arduratzen da zerbitzu osoaz (lehengaien hornikuntza, langileen kontratazioa, azpiegiturak, eta abar).

·Proiektu pilotuak: Allende Salazar LHI (Gernika), Laukariz LHI, Bekobenta LHI (Markina) eta Orduña LHI, non IGE-ak lehengaien hornikuntzaz arduratzen den eta Hezkuntza sailak langileak kontratatzen dituen (sukaldariak + jantokiko arduraduna).

Langileei dagokionez:

·Hezkuntza sailarenak: sukaldari batzuk + jantokiko arduraduna.

·Catering enpresenak: sukaldari batzuk + begirale guztiak.

Janaria:

·2017ko azaroan hemen bertan aurkeztu genuen ”Eskola-jantokiak EAE-n” ikerketaren arabera: “catering enpresek ohiko lez multinazionalei erosten dizkieten produktu kilometrikoak” jaten dira ikastetxe publikoetako jantokietan. Opakotasuna salatu behar da arlo honetan, enpresek ez digutelako informaziorik ematen elikagaien jatorriari buruz, eta zeharka lortu behar izaten ditugu datuak (enpresek web gunean ematen dituzten datuak).

HEZKUNTZA SAILAREN PROPOSAMENA ETA GURE POSIZIOA

2019eko urtarrilean goian aipatutako eredutik beste muturrera pasatu zen Eusko Jaurlaritza, eta proposatu zuen datorren ikasturtetik aurrera hala erabakitzen zuten ikastetxeetan IGE-ak bere gain hartzea jantokiaren kudeaketa integrala: kudeaketa eredu hori finantziatzeko diru-laguntza deialdi bat prestatzeko asmoa agertu zuen. Besteak beste bere gain hartu behar zituen langile guztiak (jantokiko arduraduna, sukaldariak, monitoreak) baita zerbitzu osoaren ardura ere.

Proposamen hau pasa den urte osoan izandako jantoki-batzordea amaitu zenean Hezkuntza sailak hartutako aldebakarreko erabakia izan zen, jakinda ere gurasok eta langileak kontra geundela.

Martxoaren 8an proposamen hori alde batera uztea erabaki zuen beste aukera batzuk aztertzen ziren bitartean. Hala jakinarazi digu ere guri barne bileretan eta beste kudeaketa ereduak eztabaidatzeko borondatea agertu du.

Hala ere, datozen puntuetan ikusiko dugun bezala, kudeaketa-ereduez haratago, aldaketa sakonak egin behar dira egun dugun jantoki-ereduan.

Gure ustez edozein aldaketak baldintza hauek bete beharko lituzke:

  • Ikastetxearen autonomia erabakitzeko nola kudeatu nahi duen eskola-jantokia: ikastetxeak erabaki behar du OOG-aren bidez, nola kudeatu nahi duen jantokia (catering, in situ, elikagaien erosketa). Gaur egun ez dago aukerarik.
  • Ikastetxeko antolaketa, OOG eta Jantoki-batzordearen bidez, espazioaren izaera pedagogikoa bermatzeko: jantokiak tresna pedagogiko oso baliagarria da eta ikastetxeak zehaztu dituen helburuekin bat egin behar du.
  • Eusko Jaurlaritza edo beste erakunde publikoen erantzunkidetasuna: espazioaren kudeaketa publikoaren bermea, osasun bermeak, erantzukizun zibila, lan-baldintza duinak, kudeaketaren gardentasuna eta abar. Ikastetxe publiko bateko jantokiak publiko izaten jarraitu behar du.
  • Eredu osasungarria, hezkuntza-irizpideetan oinarritua, ingurugiroarekiko errespetuan (Km 0) gure inguruko garapen soziala eta ekonomikoa sustatuko duena.

NOLAKO JANTOKIAK NAHI DITUGU? ZERGATIK?

2000. urtean jantokien araudia martxan jarri zenetik hainbat hobekuntza proposamen egin dizkiogu Hezkuntza sailari. Araudia egin zenetik zintzilik daude oraindik gai berberak. 2015etik beste erakundeekin elkarlanean (langileak, ekoizleak, beste erakundeak) aritu gara eskola-jantoki osasungarriago, hurbilago, bidezkoago, eta hezitzaileagoak lortzeko.

Goian aipatu bezala, kudeaketaz haratago, asko dago hobetzeko eskola-jantokietan:

-ZERBITZU UNIBERTSALA. Jantokia ezinbesteko zerbitzu bihurtu da familientzat. Zerbitzua behar duten ikasle guztientzako plazak behar dira. Izan ere plazak falta direnean plazen banaketak zerbitzu gabe uzten ditu esaterako bekadunak ez direnak edo garraio-eskubidea ez daukaten ikasleak.

-GUNE HEZITZAILEA. Eskolako ordutegiaren herena baino gehiago ematen dute ikasleek jantoki-orduan (jantokia + patioa) eta bertan jaten dute eguneko otordurik inportanteena, bizitzako urte asko eta osasunarentzako garrantzitsuenako direnetan zehar. Hantxe ematen dira ere elkarbizitza arazo handienak. Berauek prebenitzeko ikastetxeko hezkuntza-proiektuan adostutako jarraibideak mantendu behar dira. Era berean, adinaren arabera gero eta ardura gehiago hartu behar dituzte ikasleek.

Bizikidetza lantzeaz gain, osasun eta elikatze ona, elikadura-sistema, ohitura osasungarriak, bizikidetza eta sozializazio prozesua lantzeko tresna pedagogiko ezin hobea da jantokia. Guzti horrengatik ezinbestekoa da pertsonal guztiak formakuntza pedagogiko egokia izatea, baita eskola publikoan D ereduan ikasten duten ikasleen %83ari egokitutako hizkuntza-perfila ere.

-IKASTETXEAREN AUTONOMIA nolako jantokia nahi duen erabakitzeko (bertan sukaldatu edo catering bidez, produktuak erosi, jantoki orduko jarduerak, ordutegiak, eta abar). Berau antolatzeko eskola-jantoki batzorde erabakitzaile bat osatuko da ikastetxe guztietan.

-JANTOKI OSASUNTSUA. Kalitatezko elikagaiak nahi ditugu gure eskoletan, garaikoak, freskoak, bertakoak eta ahal den heinean ekologikoak. Lurralde-garapen orekatua lortzeko ezinbestekoak dira jantokiak. Espazio eta denborak ere egokitu behar dira (gune atsegin eta goxoak behar ditugu eta patxadan lagunekin jateko denborak).

ETA HONETARAKO, ZER EGIN BEHAR DA?

Eskola-jantokien aldaketa estrukturala behar dugu, eragile eta erakundeekin adostutako araudi berria. Horretarako, besteak beste:

  • Kudeaketa-eredu berriak aztertu behar dira, erakunde publikoen arteko hitzarmenak, esaterako.

  • Hezkuntza saila eta eragileen arteko akordioa datozen kontratazio-pleguak egiteko. Gutxi barru publiko egingo diren pleguen kasuan, enpresa txiki eta ertainak sartu, kriterio sozial eta ingurugirokoak dituztenak. Gure seme-alaben elikadura ezin da utzi bost multinazionalen esku.

  • Ikastetxeei aukera eman kudeaketa eta enpresa aukeratzeko, beste erkidego batzuetan egiten den bezala (Madril, Kantabria…)

  • Sukaldeak egiteko eta errekuperatzeko plana eta orokorrean azpiegiturak hobetu. Izan ere demostratuta dago zenbat eta distantzia txikiagoa egon janaria prestatzen den gunetik kontsumitzen denera, are eta handiagoak direla janariaren nutrizio-kalitatearen bermeak, baita familien asebetetze-maila ere.

  • Lan perfil berriak. Espazio pedagogiko batek bestelako perfilak behar ditu, hezkuntzarekin lotutakoak.

  • Jantokien eskaera eta bertako produktuen ekoizpena lotzeko, ezinbestekoa da Departamentuen arteko elkarlana (Hezkuntza, Osasuna, Nekazaritza) lehen sektorea bultzatu eta inguruan eragingo duen elikadura sistema eraikitzeko.

Aldaketak egitea borondate politiko kontua da. Dena asmatzeko dago. Ekin diezaiogu lanari.

PDFa deskargatu:

Nolako jantokiak nahi ditugu azaldu dugu Eusko Legebiltzarrean