“Eskola-jangelen kudeaketa deszentralizatua” online saioaren kronika

2026-04-17

“Eskola-jangelen kudeaketa deszentralizatua” online saioa egin genuen martxoaren 26an Gasteizko Eskolen Sukalde Plataformaren kide den Aitor Bilbao abokatuaren eskutik. Urte hasieran Bergaran ospatu genuen jardunaldiaren jarraipena emanez, eskola-jangelen kudeaketa deszentralizatuari bultzada ematea helburu izan zuen saio honek.

  1. urtean hasi zen egun daukagun eredu zentralizatua EAEko ikastetxe publikoetako jantokietan, Hezkuntza sailaren aldebakarreko erabakien bidez: agindua eta instrukzioak, kontratazio pleguen diseinua, lizitazioen esleipena, kontratuen egikaritzearen kontrola. Eredu honek ez ditu asetzen hezkuntza-komunitateak eta hainbat kexa daude kalitatearen inguruan, besteak beste. 2016ean abiatu ziren proiektu pilotuek erakutsi dute bideragarria dela bestelako eredu bat.

 

Deszentralizazioaren heldu-leku juridikoak

Hasteko, eskola-jangelen deszentralizazioak dituen helduleku juridikoak aipatu zituen Aitorrek, 2019 urtean Legebiltzarrean aho-batez hartutako erabakia, esaterako.

17/2023 Hezkuntza Legeak ikastetxeen autonomiari buruz dituen hainbat artikulu ere aipatu zituen (3, 76, 95 eta 96) baita hezkuntza proiektuari buruzko 97. artikulua ere.

 

Deszentralizazio-aukerak

EAEn agindu batek arautzen ditu eskola-jangelak, 2000. urtetik indarrean zegoena ordezkatu duen 2024ko agindua. Beste erkidego batzuetan bezala, Aitorren ustez egokiago litzateke dekretu batek arautzea jantokiak, arau juridiko horrek indar gehiago daukalako eta aldez aurretiko kontsulta-prozesura behartzen duelako.

Lau aukera proposatu zituen Aitorrek:

  1. Sailaren barruko bitartekoak lehenetsi eta doitzea. Hezkuntza sailak baditu Lanbide Heziketako sukaldaritza eskolak (Leioa, Galdakao, Gamarra). Eskola hauek jada ematen dituzte jatetxe eta catering zerbitzuak eta badago honetarako tresna juridikoa: 9/2017 Kontratazio Legearen 32. artikulua: “Encargos de los poderes adjudicadores a medios propios personificados”.
  2. Udalekin hitzarmenak, Nafarroan, Galizian eta Katalunian egiten den bezala. Badaude horretarako tresna juridikoak: 9/2017 Legearen 31. Artikulua eta EAEko Toki Erakundeen 2/2016 Legearen 17. eta 22. artikuluak.
  3. Hezkuntza Sail barruko kontratazio estrategian deszentralizazioa:
    1. Kontratazio estrategia berritzailea (9/2017 legearen 223 artikulua): eskola bat/sorta bat, Nafarroan eta Bartzelonako Hezkuntza Partzuergoan
    2. Hezkuntza sailaren deskontzentrazioa: lurralde delegatuak izatea kontratazio organoak (Kataluniako araudiak jasotzen duen bezala) eta eskola-kontseiluei ematea kontratuen jarraipenerako eskumena (Bartzelonako Hezkuntza Partzuergoan bezala)
  4. Irabazi asmorik gabeko erakundeekin hitzarmena. Galiziako eredua: 138 jantoki IGEek kudeatuta dirulaguntza deialdi ez-lehiatu baten bidez.